argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan egunean sexu-transmisioko hiru infekzio detektatzen dira
  • Iaz 1.343 infekzio erregistratu ziren, duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira. Adituen arabera "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta hartara prebentzio neurri gutxiago hartzen dira.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2024ko maiatzaren 14a

Sexu-transmisioko infekzioak etengabe hazten ari dira Nafarroan, egunean hiru kasu baino gehiago detektatzen dira. Osasun Zerbitzu Publikoan 1.343 infekzio erregistratu ziren iaz. 2018an, pandemia aurretik, 644 kasu izan ziren, eta duela zazpi urteko zifrak laukoiztu dira 2023an.

Nafarroan hirutik lau kasu, %75, alegia, 34 urtetik beherakoen artean atzeman dira. Bost dira nagusiki jakinarazi diren sexu-transmisioko infekzioak: klamidia (840 kasu), gonorrea (381 kasu), sifilisa (61 kasu), GIBa (37 kasu) eta linfogranuloma benereoa (24 kasu). Diagnostiko gehienak gizonenak izan ziren, kasuen %56.

Adituek diotenez sexu-transmisioko infekzioen atzemate sistema eta diagnostikoa hobetu den arren, "arriskuaren pertzepzioa galtzen ari da" eta prebentzio neurririk ez erabiltzea eragiten du horrek.

Nafarroako sexu-transmisioko infekzioen eta GIB programatik gogorarazi dute ezinbestekoa dela prebentzio-neurriak hartzea sexu-harremanak daudenean edozein direla ere; eta aldizkako azterketak egitea infekzioak baztertzeko. Izan ere, sexu-transmisioko infekzio asko sintomarik gabe garatzen dira.