Horixe da Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Funtzio Publikoko kontseilariak iragarri duena, LABek eta Ustelkeriaren Aurkako eta Jardunbide Egokien Bulegoak egindako salaketen ondoren.
Hedabideek ostegun honetan egindako galderei erantzunez, Javier Remirezek azaldu zuen une honetan foru gobernuak hamaika espediente dituela irekita salaketak ikertzeko eta, horien ondorioz, medikuek bidegabe jasotako dirua itzuli beharko dutela.
LABek martxoan salatu zuen Osakidetzaren esklusibotasuna –800 bat euro hileko– patrikaratzen ari ziren hainbat mediku eremu pribatuan lanean ari zirela. Legeak baimentzen die eremu publikoko medikuei pribatuan lan egitea, baina esklusibotasuneko lan sari hori kobratu gabe.
Remirezek azaldu zuen salaketen berri izan bezain laster hasi zirela gaia jarraitzen eta espedienteak ireki zitzaizkiela zegokien kasuei. Zehaztu zuen, halaber, ospitaletako zerbitzu edo atal-burutzetan araubidea jarraitu gabe ari diren arduradunen lanpostuak behar bezala bideratzeko eskatu ziela Osasunbideari.