argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan chemsex-ari erantzun koordinatu bat emateko baliabideen eta agenteen beharra mintzagai
  • Sare Elkarteak antolaturik chemsex fenomeno soziokulturalaren inguruan mintzatzeko jardunaldiak antolatu dituzte Iruñean.

Olaia L. Garaialde 2024ko urriaren 11
Irudian, jardunaldien iazko edizioa. Iban Aguinaga

Chemsexa zenbait ordu edo egunez sexu harremanak izateko drogak –substantziak– kontsumitzean datzan fenomeno soziokultural bat da. Testuinguru kultural eta komunitate jakin baten barruan ematen da eta erabiltzaileen artean elkar ulertzeko zenbait kode daude. Bereziki gizonen arteko harreman sexualak izaten dira. Sare Elkarteko Leticia Remón Serratek azaldu du “estigma handia” duen eta “oso ikusezina” den fenomenoa dela. Horregatik, gaiaz mintzatzeko solasaldiak antolatu dituzte, urriaren 28an, goizeko 9:00etatik 14:30era, Iruñeko Civicanen.

Interesa duen edonori zuzenduta daude jardunaldiak, eta nahi duenak sare@pangea.org helbidera mezu bat idatziz edo 948384149 edo 685670130 telefonoetara deituz eman dezake izena. Halere, arreta berezia jarri nahi dute gizarte eta osasun arloko profesionalengan: “Mediku batzuek badakite zer den chemsexa, baina beste askok ez. Horregatik, garrantzitsua da bereziki lehen mailako arretako langileek gaiarekiko sentsibilitatea izatea, entzutea eta epairik gabe jokatzea”.

Ertz askotatik landu daiteke gaia; hala nola osasun mentaletik, aniztasun sexu-generotik, maskulinitateetatik, zaintzatik eta motibazioetatik. “Jardunaldien helburua da Nafarroan chemsexari erantzun koordinatu bat emateko baliabideak eta agente klabeak lantzea”, esan du. Horretarako, besteak beste, Bartzelonako Chemsex Suport zerbitzuko eta Stop GKEko kideak gonbidatu dituzte: “Euren esperientzia ezagutu nahi dugu, oso polita izan delako. Oso garrantzitsua da praktika eta esperientzia onak izan dituzten kideak inspirazio iturri izatea”. Izan ere, lurralde bakoitzak tokian tokiko beharrak dituen arren, beste lurraldeetan landuriko gauzak lagungarriak izan daitezke eta elkarrekin lan egiteko balio dezakete.

“Chemsexa, berez, ez da praktika bat arazoak sortzen dituena, baina osasun afektiboan, emozionalean, lan osasunean eta harremanetan eragin dezake. Horrez gain, norberaren zaurgarritasunaren arabera, patologia batzuk aktibatu ditzake”, azaldu du. Hortaz, chemsex erabiltzaileekin lan egiten duten agente guztien arteko sare koordinatu bat eraikitzeko klabeak landu nahi dituzte.

Jardunaldietan profesionalek zein chemsex erabiltzaileek hartuko dute parte, eta ez dute soilik begirada edo fokua erabiltzaileengan jarri nahi: “Garrantzitsua da ere profesionalok barrura begiratzea eta aztertzea nolakoak garen drogekiko, sexuarekiko eta beste gauza batzuekiko. Nahitaezkoa da epairik gabeko begirada izatea; bestela ezinezkoa izango da konfiantzazko espazio eroso bat sortzea”.

Garrantzitsua da lehen mailako arretako langileek gaiarekiko sentsibilitatea izatea, entzutea eta epairik gabe jokatzea

Iazko bidetik

Ez da gaia mahaigaineratzen duten lehen aldia, iaz ere antolatu zituzten jardunaldiak (ARGIAn kontatu genuen). Iazko xedea zen chemsexa ikusaraztea eta Nafarroako osasunean izan zezakeen eragina aztertzea. Izan ere, Carlos Ibero medikua eta Nafarroako Ospitaleko gaixotasun infekziosoen espezialistak detektatu zuen ospitalera iristen ziren hiesa kasu berrien %20-30 artean chemsex erabiltzaileak zirela.

Duela hamar urte baino gehiago Nafarroan zabaldu den praktika izan arren, egun, oraindik, “oso ezezaguna” dela dio. Horregatik, iaz, Ehgam Nafarroa eta Fenix Elkartearekin batera Nafarroako egoera aztertzeko inkesta bat egiten zuten. Guztira, 67 gizonek hartu zuten parte: "Ematen du gutxi direla, baina ez da erraza jendearengana iristea. Ondorioztatu genuen berezitasun batzuk izan arren, beste lurralde batzuekin alderatuta emaitzak antzekoak direla".