argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan baratze guztiak landu ahal izatea eskatuz kanpaina abiatu dute
  • Nafarroako hamabi elkartek sinadura bilketa abiatu dute, Nafarroako Gobernu Ordezkariari eskatzeko "berariaz eta interpretazio posiblerik gabe, utzi ditzala autokontsumorako elikagaiak ekoiztera bideratutako baratzeetan egiten diren jarduera guztiak". Salatu dutenez, erkidego bakoitzean Gobernuaren ordezkaritza interpretazio ezberdina egiten ari da 463/2020 Errrege Dekretuari buruz, eta Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria egiten ari den interpretazioa "murriztailea eta beste erkidego batzuetan egiten den interpretaziotik desberdina" da.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 23a

Hamabi eragilek eskatu diote Nafarroako Gobernu Ordezkaritzari "berariaz eta interpretazio posiblerik gabe, utzi ditzala autokontsumorako elikagaiak ekoiztera bideratutako baratzeetan egiten diren jarduera guztiak". Autokontsumorako baratzeen alde "planto" egitea proposatu dute, mezu hau zabalduz: "Nafarroak bere baratzetik jan nahi du".

Zabaldu duten adierazpenean azaldu dute erkidego bakoitzean Gobernuaren ordezkaritza interpretazio ezberdina egiten ari dela 463/2020 Errrege Dekretuari buruz, eta Gobernuak Nafarroan duen ordezkaria egiten ari den interpretazioa "murriztailea eta beste erkidego batzuetan egiten den interpretaziotik desberdina" dela.

Eskaera egin duten eragileak

Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseilua (NNPEK), Ekologistak Martxan, EHNE Nafarroa, Nafarroako Hazien Sarea, Greenpeace, REAS Nafarroa (Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea), Mugarik Gabe Nafarroa, Mundubat, Arrea, Helianto, La Fertilidad de la Tierra eta Intervegas.

Erakundeen sinadura bilketa abiatu dute

Eskaera honekin bat egiten duten erakundeek (kolektibo, elkarte, udal...) hemen eman dezakete sinadura. Apirilaren 29an bidaliko dizkiote jaso dituzten sinadura guztiak Nafarroako Ordezkaritzari.