argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan asteazkenetik derrigorra izango da musukoa jantzita eramatea
  • COVID-19aren agerraldi berriak Nafarroan indartu egin direla eta, Osasunbidea prestatzen ari da pandemiari aurre egiteko neurri berriak, tartean maskararen erabilera leku publiko guztietan derrigorra bihurtzea. Asteazkenean Nafarroako Gobernuak egin beharreko bilkuran mahai gainean edukiko du erabakia.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 13a

Azken egunetan Nafarroan ugaritu diren COVID-19aren agerraldiak eten eta kutsatzeak ekiditeko asmoz, Osasun Departamentua pandemiaren kontrako neurri berriak ari da prestatzen, bai EITB-k eta bai Noticias de Navarra-k azaldu dutenez. Neurrion artean egongo da maskararen erabilera derrigortzea gune publiko orotan, baita 1,5 metroko tartea bermatuta dagoenean ere.

Koronabirusaren agerraldi berriek daramate Nafarroako Gobernua bere neurriak gogortzera. Igandean bertan jakitera eman zenez, 34 kasu berri atzemanak zituzten aurreko 24 orduetan. Agintariek aitortu zutenez, egonkortu egin da Tuterako ezkontzak eragindako fokua baina areagotu egin da Iruñean sanferminetako gosari batekin lotutako agerraldia eta, beste aldetik, gutxienez beste hiru foku ere atzeman dituzte Nafarroa Garaian, bat Lizarra eta bere inguruetan.

Euskal Herrian Nafarroa izango da musukoaren erabilera erabat orokortuko duen lehen lurraldea; EAEn Ordizia da neurri hori ezarri den udalerri bakarra. Aldiz, Espainiako Estatuan gero eta gehiago dira derrigortasunaren bideari ekin diotenak eta maskara jada derrigorra da Katalunian, Balear Uharteetan, Extremaduran, Aragoin, Andaluzian eta Errioxan.