argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan Aro Modernoan homosexualek jasandako jazarpenak biltzen dituen liburua argitaratu dute
  • Javier Ruiz Astizen lanak Errege Artxiboan eta Artxibo Orokorrean gordetako prozesu judizialak aztertzen ditu. Bertan ageri denez, agintari zibil zein erlijiosoek gogor zapaldu zituzten jokabide homosexualak.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 13a

Javier Ruiz Astiz historialariaren "Transgresión sexual y pecado contra natura en Navarra (siglos XVI-XIX.)" liburua argitaratu du Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea erakundeak. Idazlanean, Aro Modernoko Nafarroan ezarritako ordena hausten zuten jokabide sexualak azaltzen ditu.

Egileak zehatz-mehatz aztertu du “naturaren aurkako bekatua” deiturikoa bere bi adierazpenetan: sodomian eta bestialismoan. Auziok Errege Auzitegietan ebatzi ziren eta gaur egun Nafarroako Errege Artxibategian eta Artxibo Nagusian gordeta daude. “Sodomia” delako delituak gizon homosexualak zituen jopuntuan.

Monografikoa bi zatitan egituratzen da. Alde batetik, bi adierazpen sexualak deskribatzen dira, eta jardunbide nahiz modu konkretuak identifikatzen dira, harremanetan zein praktiketan parte hartzen zutenak eta delituak egin ohi ziren lekuak deskribatuz. Bestalde, praktika horiek kontrolatzeko eta zigortzeko baliatzen zituzten mekanismoak zehazten dira: legeria, doktrina morala, naturaren aurkako bekatua literaturan, salaketak eta salatzaileak, auzitegiak, defentsa eta lekukoak, torturak, eta azkenik, ezarritako zigorrak (heriotza-zigorra, zigorraldia, erbesteratzea, galerak, presondegia edota absoluzioa). Ikerketak agerian uzten du agintari zibil eta erlijiosoek zein gogor zapaldu zituzten bi jokabide horiek. Era berean, erresumako hainbat herritako biztanleek XVI. eta XIX. mendeen artean izan zuten “rol diziplinarioa” nabarmentzen da.