argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan %20,5ak hartu du alkohol betekadaren bat azken urtean
  • Nafarroan azken bi urteetan gutxitu egin da alkohol betekada hartu dutenen kopurua: %20,5ak erantzun du bi orduren barruan lau edo bost edaritik gora hartu izana urte honetan. Tabakoaren kontsumoak gora egin du eta egun %39,2koa da. Dirua presentzialki jokatu dutenen kopurua hazi egin da bi urteotan,  %61,8 dira egun, eta internet bidezko diru jokatzea %4,8an mantendu da.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 15a

Espainiako Gobernuak bi urtez behin egiten duen Edades inkestaren lehen emaitzak eman dituzte. Nafarroako Gobernuak inkesta horretako bere lurraldeko datuen berri eman du. Galdeketa 15-64 urte arteko herritarrei egin zieten, konfinamendu aurretik (otsailaren 7tik martxoaren 13ra). Konfinamenduak ikerketaren lana baldintzatu du, eta ordura arte kontaktatutako laginera murriztu dute aurtengoa: Espainiako Estatuan 17.899 pertsona izan dira galdekatuak eta horietatik Nafarroan 479; 2017an Nafarroan galdekatutakoak 613 izan ziren.

Alkohol betekada hartu duen kopuruak behera egin du Nafarroan, baina Espainiako bataz bestekotik gora

Nafarroan galdekatutako pertsonen %20,5ak onartu du alkoholaz enpo egin izana noizbait 2019/2020an. Kopuru hori handiagoa zen 2017/2018an: %24,7 hain zuzen. Baina oraindik ere Espainiako Estatuko bataz bestekotik gora dago Nafarroan alkohol betekada hartutakoen kopurua: Espainiako Estatuan %15,1ekoa baita bataz bestekoa. "Alkohol betekada" gisa hartu da bi orduren barruan kopuru batetik gora edatea, eta inkestak sexuaren arabera diskriminatu egiten du: bost edaritik gora "betekada" gisa hartzen du gizonen kasuan, lau edaritik gora emakumeen kasuan.

Tabakoaren kontsumoak gora egin du

Galdekatutakoen %39,2ak erantzun du azken 30 egunetan erre izan duela. Aldiz, %32,6 ziren 2017an. Espainiako Estatuan bataz beste, joera alderantzizkoa izan da, murriztea alegia: 2017an %38,8 ziren, oraingoan %36,8.

Kalamua eta hipnolasaigarriak antzera mantendu dira

Azken 30 egunetan kalamua erre zutela adierazi zuten galdekatutakoen %8,6ak, aurreko inkestakoen antzera, orduan %8,2k eman baitzuten baiezko erantzuna. Espainiako Estatuko bataz-bestekoaren antzekoak dira kopuru hauek (%8 egun, %9,1 2017an).

Errezetarekin edo gabe Nafarroan hipnolasaigarriak hartzen dituztenak %7,8 dira, Espainiako Estatuan bataz beste baino gutxiago (%8,6).

Dirua jokatu dutenen kopurua hazi egin da

Nafarroan azken urtean dirua presentzialki jokatu dutenak %61,8 izan dira (Espainiako Estatuan baino gutxiago, han bataz bestekoa %63,6 izan baita). Dirua jokatzearen barruan sartzen dira loteria, kiniela eta antzerakoak ere. Dirua on-line jokatu dutenak %4,8 izan dira. 2017an dirua aurrez aurre jokatu zutenak gutxiago ziren (%58,2) eta on-line jokatu zutenen kopurua egungoaren berbera. Espainiako Estatuan bataz beste internetez jokatzen duten kopurua handiagoa da %6,7 eta ia bikoiztu egin da 2017tik, orduan %3,5 baitziren.