argia.eus
INPRIMATU
Nafarroan %100 eta EAEn %215 igo dira etxebizitza bahiketak
  • Espainiako Estatistikako Institutuak (INE) asteartean kaleratu ditu 2021eko bigarren hiruhileko datuak. 

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 07a
Argazkia: Hipotekak Kalteturikoen Plataforma (PAH)

41 etxebizitza bahiketa egon dira EAEn 2021eko bigarren hiruhilekoan. 2020ko apirila eta ekaina bitartean ez zen enbargorik egon, alarma-egoerak debekatu egin zituelako. Halere, geldialdia gorabehera, zifrak hazi egin dira: autonomia erkidegoan, 2020an baino 28 bahiketa gehiago egon dira (%215ko hazkundea); Nafarroan, %100 igo dira. Horrela adierazi du Estatistikako Institutu Nazionalak (INE) asteartean kaleratu duen txostenean.

EAEn egon diren 68 hipoteka-exekuziotik, 5 landa-finkenak dira eta 22 hiri-finkenak (bulegoak, garajeak eta trastelekuak kasu) izan dira. Gehiengoa, halere, etxebizitzak izan dira: 41era igo da zifra, horietatik, 40 pertsona fisikoek okupatutako bizilekuak. Nafarroaren kasuan, 30 izan da kopurua. Espainiako Estatuan, guztira, 3.243 exekuzio edo saltzeko bahitura erregistratu dira bigarren lauhilekoan (2017ko lehen lauhilekotik izandako kopuru handiena). Nafarroak eta EAEk (Errioxarekin batera) izan dituzte kopuru baxuenak, Kantabria (37) tartean.