argia.eus
INPRIMATU
Hazialdeko
Nafarroako zereal, bazka eta lekale ekoizle ekologikoak bat eginik
  • Errigorako udazkeneko kanpaina betean gauden honetan, produktu berri batekin egin du topo erosleak: Hazialdeko proiektuko dilista lehorrekin, hain zuzen.

Garazi Zabaleta 2021eko azaroaren 05a

Duela bi urte hasi ziren elkartzen gaur egun Hazialdeko proiektua osatzen duten ekoizleak, elkarlanean zerbait abiatu eta zereal eta lekaleen sektorea indartzeko asmoz. “Elkarrekin diru-laguntza batera aurkezteko aukera zabaldu zitzaigun, hazia garbitzeko makina bat erosteko”, dio David Ruiz Azpilikueta kideak. Bakedanokoa da bera, eta kide gehienak ere Nafarroako hegoaldekoak eta erdialdekoak dira, nahiz eta Pirinioetako eta Iparraldekoren bat ere baden haien artean. Eredu ekologiko eta estentsiboan ari dira denak.

Lekaleen eskariari erantzunez

Hazia garbitzeko makina eskuratzeko sortu zen elkarlanari jarraipena eman eta sektorea egituratzeko asmoarekin lanean segitu dute kideek. Nafarroan lekale gutxi ekoizten zela ikusi zuten, eta, aldi berean, eskaria geroz eta handiagoa zela. “Ez zegoen apenas bertako lekalerik, baina eskaria handia zen bai eredu ekologikoan eta baita konbentzionalean ere”. Egoera horri buelta emateko asmoz, proiektuko 15 kideetatik bospasei haien lurretan lekaleak ere ekoizten hasi dira. Dilistak, txitxirioak, babarrunak… denetik egiten dute.

“Momentuz, 40 lekale hektarea inguru ditugu denen artean, eta Errigorarekin eta Ekoalderekin ari gara lanean”, dio Ruizek. Duela gutxi arte bazkarako lurrek hartzen zuten  ekoizleon hektarea zatirik handiena, baina, pixkanaka, geroz eta gehiago bideratu dituzte lekale ekologikoak ekoizteko. “Gure artean prezioak adostu eta marka bateratua atera dugu Hazialdeko izenarekin eta gure logoarekin”.

Proiektuaren beste bi hankak: garia eta bazka

Lekaleez gain, zerealak eta forrajea ere egiten dituzte proiektuko kideek. “Kalitatezko garia egiten dugu okindegietarako, eta gure helburua da bertako okinekin harremana egitea”, adierazi du Bakedanoko ekoizleak. Asmo bera dute abeltzainekin ere. Elkarlana da haien bidea, eta hori da gainontzeko sektoreekin ere bilatu nahi dutena. “Ekoizleen, okinen, abeltzainen eta besteen arteko antolakuntza eta koordinazioa beharrezkoa da, eta horretarako langile bat kontratatzeko asmoa dugu orain”, gehitu du.

Hazialdekoren lehen urteak dira eta pixkanaka doaz, baina etorkizunera begirako egitasmo asko ere badituzte esku artean. “Gure produktuak eraldatzen hastea izan liteke apustu oso on bat, gari irina adibidez, edo garagar malta”, dio. Haien produktuari balio erantsia ematea da asmoa, eta banatzaile eta kooperatiba handiekiko beti izan duten dependentziatik askatzea. “Azkenean, horrelako enpresetara jotzen dugunean, prezioak oso baxuak izaten dira, eta beti zaude merkatuaren menpe”, amaitu du.