argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako zaharren egoitzen sektorean greba egingo dute otsailaren 23an
  • Nafarroan zaharren egoitzen sektoreko lehen hitzarmena sinatzea lortu nahi dute, eta horregatik ari dira borrokan. Hitzarmenak 4.500 langile baino gehiagoren lan-baldintza hobetzea ekarriko luke.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 16a
Argazkia: ELA

Asteazkenean egindako agerraldiaren bidez, beste greba egun bat deitu dute Nafarroako zaharren egoitzen sektorean ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek. Urtarrilean abiatutako mobilizazioei segida emango die, hitzarmena sinatzea lortu asmoz, urtarrilean hasi baitzituzten mobilizazioak: urtarrilaren 11n elkarretaratzea gauzatu zuten Nafarroako Parlamentuaren aurrean, eta handik bi egunera, urtarrilaren 13an, greba egin zuten. Otsailaren 23koa, beraz, bigarren greba eguna litzateke.

Nafarroan zaharren egoitzen sektoreko lehen hitzarmena sinatzeko ari dira borrokan langileak. Helburu horrekin, iazko maiatzean, aipatu sindikatuek proposamen bateratua aurkeztu zieten Nafarroako Gobernuari eta patronalei. Alabaina, "patronalen blokeoa" eta "Nafarroako Gobernuaren pasibotasuna" izan da jaso duten erantzuna, sindikatuek salatu dutenez. Horrexegatik egin dituzte mobilizazio deialdiak.

Lortu nahi den hitzarmenak Nafarroako 70 egoitza baino gehiagotako 4.500 langiletik gora barnebilduko lituzke, eta horien lan-baldintzen hobetzea ekarriko luke. Zehazki, ondoko aspektuetan emango lirateke hobekuntzak: kalitatezko kontratazioak, segurtasun- eta babes-neurri eraginkorrak, sektorean putre-funtsak eragoztea, zerbitzuen kudeaketa publikoa, sistemaren prestakuntza eta profesionalizazioa, eta ikuskapenak indartzea.

"Diru publikoarekin sostengatzen den sektorea da, eta, beraz, administrazio publikoek kalitatezko zerbitzuak emateko erantzukizuna hartu behar dute beren gain, eta mendekotasunaren sektorea babestu behar dute, adineko eta mendeko pertsonen arretarekin hain funtsezkoa den zerbitzuarekin bateraezinak diren enpresa-ereduetatik", egin du irakurketa ELAk.