Bitartekaritzaren eta pertsonen arteko komunikazio zuzenaren bidez, izaera penaleko gatazka bati konponbidea aurkitzea da Justizia Errestauratiboaren helburua. NUPek eskainiko duen prestakuntza 100 ordukoa izango da eta ikasleei titulazioaren gastuen %90 ordainduko zaie.
Astelehen honetan aurkeztu dute Justizia Errestauratiboaren Unibertsitate Titulu berria Jorge Ollero Nafarroako Gobernuko Birgizarteratze, Bitartekaritza eta Justizia Errestauratiboaren Zerbitzuko zuzendariak, Ines Olaizola NUPeko Zuzenbide Penaleko katedradunak, eta Amparo López Herrizaingo, Funtzio Publiko eta Justizia sailburuak.
Unibertsitateko prestakuntza mikrokredentziala izango da, ezagutza edo gaitasun espezifikoak lortzea helburu duen ikastaro laburra, hain zuzen. NUPek guztira Justizia Errestauratiboko 783 plaza eskainiko ditu, eta 652.271 euro bideratuko dira titulazio berri honetara. Ikasleei kostuen %90 ordainduko zaie dirulaguntzen bidez.
Ikastaroa egiten dutenek, zigor arloko bitartekotza zerbitzuetan, berrezartze-zirkuluetan eta justizia errestauratiboko beste teknika batzuetan lan egiteko aukera izango dute.
Justizia Errestauratiboko taldeetako kide diren, izan nahi duten edo kalte pertsonalak eta sozialak konpontzeko paradigma berrietan interesa duten pertsonei zuzendutako prestakuntza da NUPek eskainiko duena. Formatu malgua eta moldagarria izango duela iragarri dute, ikasle helduen beharretara egokitzeko.
Lopezek azaldu du justizia mota honi esker biktima erdigunean jartzea dela asmoa, eta haren beharrei erantzutea, beti ere, delituaren erantzule direnen “birgizarteratzea ahaztu gabe” eta egindako kaltea konpontzeko aukera emanez.