argia.eus
INPRIMATU
Nekazaritza helburuak baztertu eta Nafarroako ubidea edateko urarentzat erabiltzen hasi da Gobernua
  • Nafarroako ubidearen bidez hegoaldeko lur ureztatuak gehitu nahi zituen Yolanda Barcina buru duen gobernuak. Ez dira ordea helburua lortzen ari, eta horren ordez atzo Mendinuetan 1.125 biztanlerengana edateko ura eramateko hartunea inauguratu zuten, Gara egunkariak ekarri duenez.

ARGIA @argia 2014ko urtarrilaren 15
Nafarroako ubideko ura hainbat herritara iritsiko da. Argazkia: www.cfnavarra.es

Urteak daramatzate Nafarroako hainbat herrik edateko ura etenik gabe eskura izateko arazoak dituztela. Batzuei konponbidea iritsi zaie, horretarako eraiki ez bada ere, Nafarroako ubidetik ura jasotzen hasi direlako.

Nafarroa hegoaldeko nekazariek ura erraz lortu beharko lukete Nafarroako ubidea moduko azpiegitura erraldoiaz baliatuz. Kontua da, nekazariek ura beraien lurretara eramateko egin beharreko azpiegiturak garestiak direla; hektareako 5.316 euro dira.

Horretaz gain, uraren kontsumoa ordaindu beharko lukete. Batetik kostuak, eta bestetik lurrak bateratzea. Larraga, Mendigorria, Berbintzana, Miranda Arga eta Faltzeseko nekazari eta bizilagunek Nafarroako ubidearen lanak gelditzeko eskatu zuten joan den urtean. Ubidea eraikitzen jarraituko balute Arga eta Ega ibai bazterretako familia baratzeak galduko lituzkete. Erregadio unitateek gutxienez 5 hektareakoak izan behar dute.

EHNE sindikatuak Nafarroako ubidea egiteko horrenbeste diru erabiltzea kritikatu du, garai bertsuan, azken zazpi urteetan, Nekazaritza Saileko diru poltsa %70 jaitsi baita. UAGN sindikatuak berriz, ubidea enplegua, inbertsioak eta zergak sortzen ari dela nabarmendu du.