argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako ubidea Erriberaraino lurrazpitik eginen du Gobernuak
  • Ekainean jakinaraziko du Nafarroako Gobernuak Nafarroako ubidearen jarraipenak zein ibilbide eta hektarea kopuru izanen dituen. Orain kaleratutako bi txostenek 9.000 eta 10.000 hektarea inguru aurreikusi dituzten arren, nekazariekin kontrastatuko dute.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko urtarrilaren 16a
Nafarroako ubidearen Bigarren Zatia ez da aire librean egingo, lur azpitik eta hodiz baizik. (Arg: cgrcanaldenavarra.es)

Hemendik aurrera, Nafarroako ubidea ez da aire zabaleko proiektua izanen, aurreikusi bezala, baizik eta lur azpitik igaroko den hodia; era horretan, UPNren gobernuak aurreikusi baino "%40 inguru" merketuko da, eta gainera, "ingurumenaren gaineko eragin urriago edukiko du". Hasiera batean, 213 milioi euroko kostua izan behar lukeen horrek prezio baxuagoan eginen dute, Nafarroako Gobernuak iragarri duenez. Hartutako bidea "onena" dela azaldu du Manu Ayerdi Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak.

Txostenen emaitzei so

INTIA eta NILSA empresa publikoek Erriberako ur beharra aztertzeko ikerketa bana egin dute, biak ala biak, "premiei erantzuteko alternatibak" bilatze aldera. Makina bat ondorioz aztertu dituzte txosten  horietatik.

Edateko urari dagokionez, gizakiek kontsumitzeko Erriberako urak "behar bezalako kalitatea" ez duela eta horren zergatik "uraren sorlekuan" dagoela ondorioztatu dute. Horregatik, aurrerantzean, Itoizko urak hornituko ditu egun Ebro Ubideko eta Imperial ubideko emariek hornitzen dituen zenbait herri.

 9.000-10.000 hektarea

Halaber, ur horniduran aldaketak beharrezkoak direla jakinarazi dute: orain dagoen Itoitz-Nafarroako ubidea konexioak 15.300 hektarea ureztatu ditzakeela eta ez aurreko exekutiboak iragarritako 21.522 hektareak. Datu horiek mahai gainean, Nafarroako proposamen teknikoak 9.000 eta 10.000 hektareko ingurua hartu ditu bere gain.

Nolanahi ere, planteamendua ureztatzaile komunitatearen arabera moldatuko duela esan du gobernuak. Haiekin bilduko direla iragarri du Elizalde kontseilariak eta haiek erabakiko dutela hektarea kopurua. Behin behineko proiektua, ondorioz, aurtengo ekainean ezagutaraziko dute, ekarpenak jaso ostean. 

Horretarako, baina, "egitasmoaren izaera alda dezaketen makina bat gai" izan behar dituzte kontuan: hala nola, finantziazioa zein izanen den, ureztatu daitekeen hektarea kopurua, ura hoditik lurrera eramateko teknika, uraren kontzesioak eta klima aldaketa. 

Aldagai horiek guztiak aintzat hartu ostean, “ahalik eta lasterren” gauzatuko du Gobernuak azpiegitura.

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC by-sa lizentzia baliatu dugu