argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Torturatuen Sareak biktimen errolda ahalik eta zehatzena egiteko prozesua abiatu du
  • Segurtasun indarrek torturatutakoei eta senideei dei egin diete sarearekin bat egitera. Erakundeei eskatu diete biktimei dagokien aitortza eta erreparazioa emateko.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 13a
Egiari Zor eta Nafarroako Torturatuen Sareak batera aurkeztu dute ekimena. / Argazkia: Nafarroako Torturatuen Sarea.

Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak batera aurkeztu dituzte elkarteak dituen helburuak: segurtasun indarrek Nafarroan torturatutakoen bozgorailu izatea, biktimen errolda ahalik eta zabalena eta zehatzena egitea eta pertsona horien guztien aitortzaren eta erreparazioaren alde lan egitea. Dei egin diete estatuaren tortura eta tratu txarren biktimei edota haien senideei ekimenarekin bat egitera. Horretarako, abenduan eta urtarrilean formulario batzuk zabalduko dituzte Nafarroako hainbat gunetan, testigantzak eman ditzaten.

Salatu dute “bereziki gogorra” dela torturatuek jasaten duten diskriminazioa, aitortza “oso urria” delako. Gogorarazi dute datu bilketek erakutsi dutela 1961-2012 urteen artean mila pertsona inguru torturatu dituztela estatuko segurtasun indarrek, fisikoki edota psikologikoki. Orain, ordea, Nafarroako biktimen errolda zehatzagoa egiteko prozesua abiatu dute. EAEn 2016an egin zuten 1960-2013 artean tortura jasandakoen txosten zehatza, Eusko Jaurlaritzaren eskariz.

Instituzioei eskatu diete aitortzarako eta erreparaziorako behar diren urratsak emateko. “Tortura jasan zutenen aitorpen ofiziala ezinbestekoa da bizikidetza demokratikoaren mesedetan, baina baita gertatutakoaren memoria eraikitzeari begira ere”, azpimarratu du sareak.

Uztailean ARGIAk argitaratu zuen Xabier Letonak Nafarroan torturaren biktima izandako hiru emakumerekin egindako erreportajea, eta Nafarroako Torturatuen Sareak dituen eskakizunak sakonago aztertu zituen. Hemen irakurgai:

Aitortza eza, bigarren tortura hori.

Nafarroako torturatuen eskaera: ikertu eta aitortu.