argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako torturatuek torturak ikertzeko eskatu dute Iruñeko manifestazioan
  • Nafarroako Torturatuen Sareak deituta 2.300 pertsona bildu ziren larunbat arratsaldean Iruñean, Nafarroan azken hamarkadatan izan diren tortura kasuak ikertzeko eskatuz. Hainbat ikerketaren arabera, milatik gora pertsonak jasan dituzte torturak herrialdean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko martxoaren 08a
Argazkia: EkinKlik

Baluarte Plazatik hasi zen manifestazioa Tortura ikertu. Egindako guztia aitortu pankarta buruan. Sarasate pasealekuan amaitu zen, antolatzaileen hitzaldiarekin. Hitzaldia bukatu eta handik hamar minutura oraindik jendea sartzen ari zen pasealekura. COVID-19aren garaietara egokituta, hiru ilaratan antolatu zen manifestazio luzea eta polizia ugarik zaindu zuten.

Mobilizazioa ez zen erabateko normaltasunez abiatu, Geltoki zaharretik atera behar bazuen ere, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzatik ibilbidea aldatu eta, azkenean, Baluarte plazatik atera baitzen. Iruñeko Udalak, halaber, ez zuen baimendu Sarasate pasealekuan megafoniarik jartzea, argudiatuz ez zela baimena eskatu hamabost egun lehenago. Azkenean, ordea, megafonia zerbitzua erabilita egin zen amaiera.

Bukaerako hitzaldian Ainara Gorostiaga eta Iñigo Gonzalezek hartu zuten hitza antolatzaileen izenean, eta eskatu zieten erakunde publikoei ekiteko ikerketa ofizialari, tortura jasan dutenek gertatutakoaren aitortza behar dutelako lehenik, ondoren ordaina jaso dezaten. Ikerketa, aitortza, erreparazioa eta tortura gehiago ez dadila errepikatu eskatu zuten. Hitzaldian zehar argi utzi zuten Espainiako Estatua izan dela torturen eragilea, eta gizarteko sare zabal batek eman diola babesa honi, hala nola, hanbait alderdi politikok, auzi-mediku ugarik eta zenbait komunikabidek.

Non dago Mikel? filmak eta Publico egunkariak argitaratutako grabaketek lehen lerrora eraman dute torturen auzia, hainbat mugimendu bultzatuz. Horien artean aipatzekoa da hilaren 1ean Nafarroako Legebiltzarrak torturak ikertzeko aho batez onartutako eskaera instituzionala.