Uretako babes indibidual eta kolektiborako material “egokia” eskatu dute, bestela gaueko esku-hartzeetan segurtasuna “arriskuan” baitago. ELA sindikatuak ohartarazi du 2017an ere zuzendaritzan salatu zutela egoera bera, baina ez dela irtenbiderik eman.
Nafarroako uretako erreskate taldeko suhiltzaileek salatu dute baliabide eskasia agerian geratu dela azken uholdeetan. Iruñeko Trinitarioen parkeko suhiltzaileei dagokie ibaietako lehen jarduera-ildoa, uholdeekin edota uretako erreskateekin loturikoa; azken uholdeetan lanean aritu dira, eta kritikatu dute ekipamenduak ez dituela betetzen langileen segurtasunerako “gutxieneko baldintzak”.
Suhiltzaileek ohartarazi dute babes-ekipamenduak “zaharkituta” daudela: ez dago langile guztientzako neurriko neoprenorik, eskarpinik, ezta eskularrurik ere; ikuspen handiko ekipamendua falta dute (txalekoetan, kaskoetan, enbarkazioetan argiak), gauez suhiltzailea korronteak eramanez gero aurkitu ahal izateko erabiltzen dena.
ELA sindikatuak eskatu dio Nafarroako Suhiltzaile Zerbitzuari “berehala inbertitzeko” suhiltzaileen segurtasunean, horrela herritarren segurtasuna ere areagotzeko hurrengo uholdeei begira. Sindikatuak gogorarazi du 2017an ere salatu zutela materialaren eskasia, baina ez dutela aintzat hartu haien eskakizuna. Azpimarratu dute “beharrezkoa” dela ekipamendu “teknikoki egokia” uretan “arrisku handiko baldintzetan” lan egiteko.