ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek lan-baldintzak hobetzea eta "benetako" negoziazioa eskatu dute.
ELA, LAB, CCOO, UGT eta Steilas sindikatuek Nafarroako Gobernuaren menpeko sektore publiko osoa deitu dute lan baldintzak eta zerbitzu publikoa hobetzeko mobilizatzera. Legez ezarritako mahai eta foroetan "benetako" eta edukizko negoziazioa eskatzen dute. "Ikusten ari gara nola ari diren mahaietatik kanpo gauzak negoziatzen, zerbitzu publikoaren kalitatearen kontrakoak direnak, eta pentsatzen dugu hori ezin dela onartu", azaldu du Isabel Artieda LABeko arduradunak.
Sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea aldarrikatzen dute zerbitzu publiko hobeak eraikitzeko. Esaterako, sektore publikoko pribatizazio politikarekin amaitzea eta orain arte pribatizatu dena iraultzea.
Foru eskumenak erabili
Bestalde, Nafarroako Gobernuak bere autogobernu eskumenak gauzatzea eskatzen dute sindikatuek. Baita enpleguaren egonkortasuna eta behin behinekotasuna %8tik behera murriztea eta langile kopuruaren dimentsionamendua egokitzea ere.
Sindikatuen arabera, hobekuntzak langile guztientzat ezarri behar dira, eta horretarako legez ezarritako mahai eta foroetan negoziatu behar dira. Grebaren bidez Nafarroako Gobernua Mahai Sektorialetan eta Mahai Orokorrean negoziazio erreal eta edukizkoa egitera behartu nahi dutela esan dute.