Nafar Gobernuak energia plan berria aurkeztu du “2030 Ikusmuga Plan Energetikoa” zirriborroan. Energia berriztagarrien erabilpena %21etik %51ra handitzeko asmoa duen arren, planak Castejóngo zentral termikoak ixteari buruz ez duela ezer esaten salatu du Sustrai Erakuntzak.
Castejóngo udalerrian dauden “legez kanpoko” hiru zentral termikoen gainean erabakiak hartzeko eskatu du kolektiboak. Hiru sententziak legez kanpokotzat jo zituzten Castejongo Ziklo Konbinatuaren bi taldeak, azkena 2016an Espainiako Auzitegi Gorenak emanda. EDP HC Energia enpresarenak dira biak -lehen Elerebro zena-, eta oraindik bat bera ere itxi gabe dagoela salatu dute behin eta berriro ekologistek.
Auzi honengatik proposamenik ez egiteagatik, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako Plan Energetikoen planifikazioa “ezin txarragoa” izan dela salatu dute. “Planifikazioan instalazio hori itxi eta eraitsi dezala besterik ezin diogu eskatu Nafar Gobernuari”.
Energia burujabetza ikuspegitik urratsak eman nahi badira hazkunde energetikoarekin amaitu beharra dagoela azpimarratu du Sustrai Erakuntzak, erregai fosilekin behin betiko amaituz, eta ez berriztagarriekin osatuz. Ildo berean, azpiegitura zentralizatu gehiago ez direla behar aldarrikatu dute.