argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Parlamentuan kateatu dira Imanol Salinasen espetxeratze arriskua salatzeko
  • 21 hilabetez espetxeratu dezakete LABeko kide den Salinas, istilurik gabeko salaketa sindikal batean parte hartzeagatik. Borroka sindikala “inoiz baino beharrezkoagoa” dela esan du LABek, eta mobilizazioak iragarri ditu.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 17a
Kateatu diren lagunak poliziak atxikita (argazkia: @LABnafarroa).

Astearteko eguerdi aldera, LAB sindikatuko zortzi kide Nafarroako Parlamentura kateatu dira Imanol Salinasen espetxeratze arriskua salatzeko. Beste kide batzuk pankarta bat zabaltzen saiatu dira, baina parlamentuko poliziek indarka kendu diete eskuetatik. Kateatuetako pertsonak Imanolen eta borroka sindikalaren alde oihuka hasi dira: “Ez gaituzue geldituko”; “Ekintza sindikala ez da delitua”; “Imanol libre eta gurekin”, besteak beste. Bien bitartean, sindikatuko beste kide batzuek informazio orriak banatzen zizkieten herritarrei.

Foruzaingoaren furgoneta batzuk heldu dira tarte batera. Ingurua pertsonez hustu dute, kateatutako ekintzaileen kateak moztu dituzte eta identifikatu arte atxiki dituzte. Ondoren, libre geratu dira.

Itxaso Torregrosa LABeko kidea izan da kateatuetako bat, eta berak egin ditu adierazpenak. Kateatzearekin parlamentua interpelatzeko helburua dutela esan du: “Nahi dugu jakin zer jarrera duten gertatzen ari den honen inguruan, eta nahi dugu jakin zer eginen duten”. Jendartea ere deitu du mobilizatzera. Imanolen aurkako jazarpena mintzagai, Torregrosak adierazi du borroka sindikala “inoiz baino beharrezkoagoa” dela.

 

 

Megafono batengatik

Imanol Salinas maiatzean zigortu zuen Iruñeko epaitegi batek 21 hilabeteko espetxe zigorrera. Iruñeko La Sangiovesa jatetxearen aurkako salaketa ekintza batean parte hartu zuen Salinasek, LAB sindikatuko beste kide batzuekin batera. Jatetxe kanpoan kontzentrazioa egin zuten, eta barruan pegatina batzuk itsatsi eta leloak oihukatu zituzten. Epaileak ekintzan “bortxa” egon zela ebatzi zuen, eta Imanol jo zuen arduradun megafonoa eskuan zuelako. Egunotan berrikusten ari dira sindikatuak zigorraren aurka jarritako helegitea. Zigorra baieztatzekotan, Salinasek espetxean bete beharko lituzke 21 hilabeteak.

Mobilizazioak

LABek mobilizazioak iragarri ditu hurrengo egun eta asteetarako, Salinasi babesa adierazteko eta “borroka sindikala aurrera” lelopean. Hego Euskal Herriko hiriburuetan kontzentrazioak deitu ditu: hilaren 20an Iruñean, 23an Bilbon eta Donostian, eta 24an Gasteizen. Irailaren 28ko larunbat arratsalderako, manifestazioa antolatu du sindikatu abertzaleak.