Foru erkidegoan fabrikatutako edo kanpotik inportatutako kilogramo bakoitzeko 0,45 euro ordaindu beharko dira. Navarra Suma izan da legearen aurka bozkatu duen alderdi bakarra.
Nafarroako Legebiltzarraren osoko bilkurak Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziari buruzko Foru Legea onartu zuen martxoaren 30ean. Aurrerantzean, enpresa nafarrek sortutako edo beste erkidegoetatik eskuratutako birziklatu ezin den plastikozko kilogramo bakoitzarengatik 0,45 euro ordaindu beharko da, zeharkako zerga bat, alegia. Fabrikazioari dagokionez, ontziak egiten diren lantegiak Nafarroaren barruan egotekotan, Foru Ogasunak kudeatuko eta bilduko luke zerga; inportazioen kasuan, ordea, tokian-tokiko erakundeek egingo lukete.
PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerraren aldeko botoei esker proposamenak aurrera egin du, Navarra Sumak aurka bozkatu du. Neurri berria Espainiako eta Nafarroako gobernuen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren azken eguneraketatik datorren eskakizuna da, aurtengo otsailean onetsi zen ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko legearen harira. Hark jasotzen du Nafarroak estatuaren arau bera aplikatuko duela berrerabili ezin diren plastikozko ontziei zerga berezia ezartzeko, bai hutsik daudenei, bai salgaiak dituztenei.
Ontziak material batez baino gehiagoz osaturik daudenean, eta horietako bat plastikoa denean, plastiko kopuruaren arabera zergapetuko dira. Dena den, botikak zein bestelako osasun produktuei ez zaie zerga berezi hau ezarriko. Halaber, nekazaritzan edo abeltzaintzan siloratzeko erabiltzen diren plastikozko produktuak ere ez ditu bere gain hartuko neurri honek.
Nafarroako Parlamentuak ohar baten bidez zabaldu duenez, “zerga berriaren helburua birziklatu ezin den plastikoaren fabrikazioa eta erabilera ingurumen arrazoiengatik gutxitzea da”, eta, horren ordez, enpresek produktu jasangarrien aldeko apustua egin dezaten. Jakina denez, material hori zati txikiagoetan baino ez da desegiten, alegia, mikroplastikoetan. Organismo askok, arrainak batez ere, mikroplastiko horiek irensten dituzte eta hil egiten dira. Gainera, oharrak azaltzen du, “benetan kezkagarriak” direla “giza gorputzen barruan geratzen diren mikroplastikoek ekar ditzaketen ondorioak”, izan ere, “halakoak itsasotik datozen zenbait elikagaietan, gatzean eta botilako urean aurki ditzakegu”.