Chiviteren Gobernuaren aurreko hiru urteetan bezala, PSN, Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu dute, Navarra Sumak aurka eta EH Bildu abstenitu egin da.
2019ko Foru hauteskundeen ondoren lauko gobernuan sartu ez bazen ere, EH Bilduren eskuetan egon da aurrekontuen giltza urtez-urte Chiviteren agintaldian barrena. Guztietan emaitza berdina izan da: ezker abertzaleak kritika leunak egin ditu “legealdia alferrik galdutako aukera” bilakatzen ari zela esanez, baina abstenitu egin da eta onarpenari bide eman dio. Ondorioz, Navarra Suma aurkako bozkarekin bakarrik gelditu da, PSN, Geroa Bai, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu dutelarik.
María Jesús Valdemoros Navarra Sumako bozeramaileak esan du “Chivitek aniztasun itxura eman nahi izan” duela, baina “itxurakeria” baino ez dela izan, ez baitu Javier Esparzak gidaturiko alderdiarekin hitz egin. “Argi zeukan ez zuela gurekin negoziatuko, Espainiako Gobernua babesten duten alderdiek hala agindu diote eta”.
“Foru Gobernuaren propaganda kanpainak alferrikakoak dira, ezin baitute ezkutatu Nafarroa haiek aurkitu baino okerrago uzten dutela, pobreagoa eta etsipenez beteta”. Vldemorosen iritziz, etsituta utzi ditu, besteak beste, “foruzainak, osasungintzako langileak, nekazariak, abeltzainak, autonomoak edota ETAren biktimak”. “Horregatik soilik ezezko botoa eman genezake, ezetz esanez Nafarroa desagertzea nahi duen EH Bildu bezalako alderdia zuritzeari”.
Gainerako alderdiek haien arteko adostasuna azpimarratu dute. PSNko Ramón Alzórrizek “Nafarroako Gobernuaren egonkortasuna” aipatu du, eta “EH Bildu baztertzeko Navarra Sumaren txantajea” kritikatu du. “Politikariok akordioak eta irtenbide eraikitzaileak bilatu beharko genituzke, eta ez neurri suntsitzaileak”.
Podemoseko Mikel Builek azken bi legealdien irakurketa orokorra egin du: “Aurrekontu hauek jarraipena eman diote 2015ean aldaketaren gobernuarekin hasitako ibilbideari”, orain arte egindakoa “nahikoa” iruditzen ez bazaio ere. Izquierda-Ezkerrako Marisa de Simonek argitu nahi izan du bere alderdiaren aurrekontuak “ez diren arren, egoera sozioekonomiko konplexu honetan garrantzitsua dela familia askoren eros ahalmena mantentzen lagunduko dutela”.
Bestalde, EH Bilduko Laura Aznalek adierazi du “aurrekontuak adostu ahal izateko elkarrizketarako asmoa” positiboa dela. “Jarraian eginiko zortzigarren aurrekontuak dira, eta eskuinak ezin du hori bera esan agintzen duen tokietan, adibidez, Iruñeko Udalean”.
Onartu diren 2023ko aurrekontuak Nafarroan inoiz izan diren handienak dira: 5.749 milioi euro, 2022an baino %9,9 gehiago. Datorren urterako diru horretatik, 510 milioi euro, hau da, %9, zor publikoa ordaintzeko izango dira.