Entitate sozial honen langileek Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordean agerraldia egin dute haien lana azaltzeko. Hizlariek etxebizitza duinak, bizileku zein lan baimena erraztea eta osasun mentaleko baliabide publiko gehiago eskatu dizkiote Foru Gobernuari zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzat.
Irailaren hasieran, kurtsoa hasi eta berehala, itxaron zerrenda eten egin behar izan zuen lehenengo aldiz Iruñerriko etorkinei formakuntza eskaintzen dien Lantxotegi elkarteak. Haien zerbitzuak gainezka egiten du urtero, baina 2024an egoera nabarmenki okerragoa izan da: pertsona ugarik izena eman zuten haien programan eta 90 baino ezin izan dituzte artatu, 250etik gora kanpo geratu direlarik. Lantxotegiren lana goraipatzeko moduko datua dudarik gabe, baina testuinguru iluna islatzen duena aldi berean.
Datorren urterako diru laguntzaren akordioa berretsi du entitateak orain Nafarroako Gobernuarekin, baina ez dela nahikoa ondorioztatu daiteke Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiken batzordeko agerraldian entzundakoen arabera.“Sisteman hutsuneak nabaritzen ditugu, batez ere osasun mentalaren arloan, eta baita etxebizitzari eta bizileku zein lan baimenari dagokionez ere. Kale egoeran dauden pertsonen kasua are okerragoa da”, salatu du Iranzu Urdiroz Vitas Lantxotegiko kideak Foru Legebiltzarrean.
EH Bilduko Mikel Zabaleta parlamentariak batzordearen aurkezpenean esan bezalaxe, “Lantxotegik 40 urte daramatza lanean, gizarte arazoei adi-adi administrazioaren osagarri gisa, ikuspegi komunitariotik erantzun berritzaileak emanez”. Iaz arazo sakonak identifikatu zituzten emakume migratzaileei dagokienez eta Kimatu programa abian jarri zuten Berriozarren. Bertan seme-alabak ardurapean dituzten amei gaztelera klaseak eta lorezaintza kurtsoak eskaintzen dizkiete.
Haietako emakume bat Sanae El Achhab Parlamentuan egon da Lantxotegiko langileekin batera. Duela urte bat eta hiru hilabete Nafarroara heldu zen eta geroztik Beltzuntzen bizi da Emausko Trapuketarien komunitate batean. “José María Iribarren eskolan ikasten hasi nintzen, baina erditu eta gero ezin izan nuen jarraitu eta Lantxotegik Kimatu proiektuaren bitartez asko lagundu nau”, kontatu du.
Laguntza horren gakoa “amentzako arnasgune den haurtzaindegia da, beraiek ikasten duten bitartean seme-alabak hor egoteko”, azaldu du Nahia Villarreal proiektuko arduradunak. Modu horretan, amatasuna eta gero emakumeek formakuntza utzi behar izatea ekiditen da. Zentzu berean, “Lantxotegik kontuan hartzen du hizkuntza maila ere, eta horren arabera antolatzen ditu ikasle taldeak”, azpimarratu du Mar María Zalduendo erakundeko kideak.
Dena den, “emakumeentzako espezifikoa den baliabide hau” sortu badute ere, Lantxotegiko erabiltzaileen artean “gizonek %80 izaten jarraitzen dute”, aipatu du Mikel Izurzu langileak. Horregatik, adinari dagokionez, salbuespenak egiten dituzte emakumeekin, “haien partehartzea bermatzeko”. “Gizonekin 16 eta 30 urte bitarteko gazteak artatzen ditugu, emakumeekin diskriminazio positiboa egin behar izan dugu eta askoz helduagoak ere baditugu”, azaldu du.
Kabia proiektu berritzaileari jarraipena
Erabiltzaileen beharren araberako proiektu ezberdinak garatzen ditu Lantxotegik Iruñeko Azpilagaña auzoko eta Berriozarko egoitzetan. Azkeneko urteetan oihartzunik handiena izan duen ekimena ‘Kabia’ izan da, gazte etorkinak eta bertakoak elkar ezagutzeko bizikidetasuna sustatzen duena,eta euskal kulturan berezkoa dugun ‘kuadrilen’ kontzeptua kolokan jartzen da. Momentu honetan laugarren edizioa dago martxan eta berretsitako babes politikoari esker gehiago egin ahal izateko aukera izango dute aurrerantzean, kuadrila gehiagori eta migratutako gazte gehiagori harrera emanez. Azken finean, gizarteratzearen esanahia beste behin ere formakuntzatik haratago eramanda.