argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Parlamentuak ikurren legea bertan behera uzteko nahia adierazi du
  • Adierazpen instituzionala Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren aldeko botoekin onartu dute. Lege berri bat egingo dute, “aniztasuna eta sentimendua kontuan hartuz”.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 06a
Ikurrina Iruñeko Udaletxeko balkoian, 2015eko sanferminetan (Argazkia: Hedoi Etxarte)

Ikurren legea “ahalik eta azkarren” indargabetzearen aldeko adierazpen instituzionala onartu du Nafarroako Parlamentuak. Hiru puntuko testuak gobernua babesten duten lau alderdien –Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra– aldeko botoarekin egin du aurrera. Aurka bozkatu dute PPk eta UPNk, eta PSNk, aldiz, adierazpenaren lehen puntuaren alde bozkatu du, eta kontra beste bietan.

Lehen puntuak dio “elkarbizitzaren, pluraltasunaren, normaltasunaren, demokraziaren eta ikurrekiko errespetuaren aldeko apustua” egiten duela Nafarroako Parlamentuak.

Bigarren puntuaren arabera, Nafarroako Auzitegi Nagusiak ekainean emandako sententziak “egungo ikurren legearen gabeziak agerian uzten dituela, herritarrek euren sentitzen duten ikur legal bat debekatzen duelako”.

Auzitegiaren arabera, jaietako txupinazoetara Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkariak gonbidatzea ikurrina ateratzeko aitzakia da, eta “lege iruzurra” da hori. Adierazpenaren hirugarren puntuak ikurren legea ahalik eta azkarren indargabetuko dutela dio.

Adierazpena onartu bezain pronto plazaratu dute iritzia alderdietako bozeramaileek. Geroa Baiko Koldo Martinezen ustez beharrezkoa da legea erreformatzea, integratzailea izan dadin. Antzerako iritzia du Ezkerrako Jose Miguel Nuinek, egungo egoera “baztertzailea” delako.

UPNko Javier Esparzaren ustez, aldiz, legea indargabetzea da adierazpenaren alde bozkatu dutenen kezka bakarra.