argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari exijituko dio Barajasko errefuxiatu sahararren deportazioak eteteko
  • Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren batzordeak Munduko Medikuak erakundearen eskaera onetsi du, PSNk aurka bozkatu duen arren. Irailean zehar 40 bat lagunek Mendebaldeko Saharatik Madrilera bidaiatu zuten nazioarteko babes eske eta dagoeneko haietatik hamasei itzultzera behartu ditu Kanpo Arazoetako Ministerioak.

Mikel Urabaien Otamendi @mikel_ura 2024ko urriaren 10

Nafarroako Legebiltzarreko Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak Madrilgo Barajas aireportuko errefuxiatu sahararren deportazioak eteteko eskaera formala onetsi du, UPNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, Voxen abstentzioarekin eta PSNren aurkako botoekin. Ebazpenaren bidez Espainiako Gobernuari exijitzen diote “Barajasko aireportuan dauden ekintzaile sahararrei asiloa ukatu izana berrazter dezan, horien asilo eskaria modu justu eta gardenean egiten dela bermatuta, nazioarteko zuzenbidearen arabera”.

Gogoratu beharra dago Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan bizi den egoera zaila are txarragoa bilakatu zela irailaren 22an desertuan izan ziren uholdeen ondorioz, zeintzuetarako etxebizitzak eta azpiegiturak ez dauden prestatuta. Orduan, Saharatik etorritako 40 bat pertsona, haien artean ekintzaile politikoak eta haien senideak, Saharatik Madrilera bidaiatu zuten babes bila.

Geroztik, gehienak bertan daude Espainiak errefuxiatu gisa onartuko ote dituen itxoiten. Dagoeneko, hamasei haien herrialdera itzularazi ditu Kanpo Arazoetako Ministerioak, eta beste hamaseirentzako neurri berdina agindu du Fernando Grande-Marlaskaren ministerioak.

Albiste hauen harira, Munduko Medikuak GKEak 1975ean Morokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik bizi izan den zapalkuntza gogora ekarri du Nafarroako Legebiltzarrean, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek eskatuta. “Krisialdi ahaztua baino gehiago, 49 urte eta gero abandonatutako krisi bat da hau”, esan du Jaione Eugui, Munduko Medikuak erakundeko komunikazio arduradunak.

Datuen arabera, asiloa ez dago kolokan

Entitate horrek hiru hamarkada baino gehiago daramatza Saharako kanpamenduetan osasun estaldura bermatzen. Hala ere, honako datu hauek ezin izan dituzte irauli: Saharako emakumeen %71k eta haurren %54ak anemia dauka, bost urtetik beherako umeen %29k desnutrizio kronikoa dauka, amen %20 erditzerakoan zendu egiten dira eta jaioberrien %21 lehenengo urtea bete aurretik hiltzen dira.

Euriteen ondorioz egoerak okerrera egin du “produktiboki eta ingurumenaren ikuspuntutik ere jada oso gogorra den lurrean”, azaldu du Aida Sanz Munduko Medikuak erakundeko kideak. Bere lankide den Pablo Traspásek gehitu du uholdeak 520 familia eta 3.120 pertsona “kanpamenduetatik ihes egitera eta dunen goikaldean behin behineko dendak muntatzera” behartu dituela.

Azken zorigaizto honek nolabaiteko ikusgarritasuna eman dio berriro ere gatazka honi. Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria Benjamin Ladraa ekintzaile suediarrarekin bildu zen astearte honetan, urriaren 8an. Saharako herriaren borrokari eta Mendebaldeko Saharako gatazkari ikusgarritasuna emateko bizikletaz 30.000 kilometroko bidaia egiten ari da gizon hau.