argia.eus
INPRIMATU
Ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei diru publikorik ez ematea eskatu du Nafarroako Parlamentuak
  • Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuari eskatu dio diru publikoa ukatzea ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten ikastetxeei. Eusko Legebiltzarrak aldiz, ukatu egin du aukera hori.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 05a

Ikasleak sexuaren arabera banatzen dituzten eskolei diru publikoa ez banatzea eskatu dio Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari. Eskaera datorren ikasturteari begira egin da eta hiru hilabeteko epea eman diote plan bat burutzeko. EH Bilduk aurkeztutako mozioa PSNk, Geroa Baik, Ezkerrak eta Ahal Duguk babestu dute, Navarra Sumak aldiz ezezkoa eman du.

Eusko Legebiltzarraren kasuan aldiz, ukatu egin dute diru publikoa ez ematea ikastetxe horiei. Kasu honetan ere, EH Bilduk aurkeztu du proposamena baina Elkarrekin Podemosen babesa bakarrik lortu du. EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu dute. 

PSEk eta EAJk beren ekimena aurkeztu zuten EH Bildurena bertan behera uzteko. Aurrera egin zuen PP+C-en laguntzarekin, Vox-en abstentzioarekin eta EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen ezezkoarekin. Testuak hezkuntza-itunen arloko araudia betetzen jarraitzeko eskatzen dio Hezkuntza Sailari, “indarrean dagoen legeriari jarraiki, irakaskuntza-askatasuna eta Euskadiko ikastetxeetan eskaintzen diren proiektuak bermatze aldera”. Jose Antonio Pastorrek, PSE-EEko legebiltzarkideak, EH Bilduren proposamenarekin bat datorrela adierazi du, baina bere aburuz ez da finantzaketa hori kentzeko momentua.

Nafarroako kasuan, EH Bilduk aurkeztutako mozioak sexuaren araberako segregazioa hezkuntzan baztertzailea dela dio. “Bultzatzen dituen balioek eta ereduek ez dute bat egiten azken urteetan Nafarroak emandako pausoekin, ezta hezkidetzarekin eta berdintasunean oinarritutako politika publikoekin ere”. Berriak jakinarazi duenez, EH Bilduko Bakartxo Ruizek edozein motatako diskriminazioez eta berdintasun ezez asko hitz egiten dela esan du eta horren kontrako prebentzioaren beharrizana azpimarratu du, “gizarte hezkidetzaren" bidez. Ruizen hitzetan, ezinezkoa da hezkidetza hori lortzea neskak eta mutilak ikasgeletan bereiztuta.