argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Parlamentuak atzera bota du osasun sistema erreformatzeko Gobernuak onartutako dekretua
  • Osasunbideko lehen arreta eta larrialdi zerbitzuan aldaketak egin nahi ditu Nafarroako Gobernuak. Parlamentuak, ordea, atzera bota du UPNk onartutako dekretua, Nabai, PSN, Ezkerra eta Geroa Bairen botoekin. Dekretuak landa-eremuak baztertu, zerbitzu kaskarragoak ezarri eta profesionalen lan baldintzak okertzen zituela adierazi dute alderdiok.

ARGIA @argia 2013ko otsailaren 08a
Nafarroan osasun publikoaren alde egindako elkarretaratze ugarietako bat (Argazkia: Lander Fdez. de Arroiabe / Argazki Press)

"Larrialdietako medikuen guardia presentziala kendu nahi dute Nafarroako hainbat herritan"

Joaquín Grau Tasa Tafallako larrialdietako mediku eta Zangozako Osasun, Ingurumen eta Gizarte Gaietako zinegotziaren hitzak dira. ARGIAren 2344. zenbakian elkarrizketa egin zion Mikel Garciak, Nafarroako Gobernuak aplikatu nahi duen erreformaren nondik-norakoak argitzeko.

Erreformak bereziki Pirinioetako herriei eta Erriberari eragingo diela zioen, "administrazioaren irizpidea izan delako biztanleria urriagoa eta abisu-dei gutxi dauden herrietan lantokiaz kanpoko guardiak ezartzea, eta eskaera handiagoa duten herrietan larrialdi zerbitzu presentziala mantentzea". Grau Tasaren hitzetan, "eskaera handiagoa egoteak ez du esan nahi dei guztiak larriak direnik, mendialdeko jendeak gutxiago deitzeko ohitura duelako".