Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak ferietako liskarragatik auzipetutako gazteen kontra fiskaltzak egindako zigor eskaeren aurka egin du.
Gobernuari eusten dion laukoaren aldeko botoekin eta oposizioan dagoen hirukoaren kontrakoekin erakunde-adierazpena onartu zuten astelehenean. Onartutakoaren arabera, Nafarroako Parlamentuak Altsasuko zortzi gazte auzipetuendako fiskaltzak egindako zigor eskaerarekin “erabateko desadostasuna” azaltzen du; baita “etorri daitekeenagatik kezka handia ere, egiaztatu baitugu kasu honetan neurrigabetasun eta bidegabekeria maila onartezinera iritsi dela”.
Aldi berean, Nafarroako Parlamentuak “elkarbizitzaren, justiziaren eta pertsona guztien giza eskubideen errespetuarekiko konpromiso irmoa” berretsi du, “horiek direlako Zuzenbideko estatu demokratiko bateko berezko printzipioak”.
Altsasuko auzian dagoen “neurrigabetasuna normaltasun eta elkarbizitza demokratikoaren kontrakoa” dela gaineratu du adierazpenak.
Azkenik, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Lurralde Auzitegiak emandako argudioei babesa berresten die. Epaitegi horrek gertaerak ez zirela terrorismo gisa kalifikatu behar ebatzi zuen eta, beraz, Altsasuko gertaeren auziaren instrukzioa eta epaiketa Iruñeko epaitegien eskumena zela gogorarazi dute Parlamentutik.
Albiste hau Guaixek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.