argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Parlamentuak 2019ko aurrekontuak onartu ditu, laukoaren botoei esker
  • Laugarren aldiz jarraian Nafarroako Gobernuak aurrekontuak izango ditu, Geroa Bai, EH Bildu, Alhal Dugu-Orain Bai eta Ezkerraren babesari esker. UPN, PSN eta PPk kontra bozkatu dute ostegun goizean egindako saioan.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 20a
Ostegun goizean onartu dute Nafarroako 2019ko aurrekontu orokorrentzako legea (arg: Nafarroako Parlamentua)

Aurten baino 127 milioi euro gehiago izango dituzte datorren urteko aurrekontuek, %16 gehiago, eta 4.016 milioi eurokoa izango da Uxue Barkosen exekutiboak izango duen gastu-muga, horren zati handi bat “gizarte alorrerako”, gobernu hori babesten duten lau alderdiek nabarmendu dutenez. Denera 161 zuzenketa onartu dituzte parlamentuko batzordeetan, tartean oposizioko indarrek aurkeztutako hiru.

Nafarroako Parlamentuan egindako saioa baliatu dute gobernua babesten duten alderdiek lau urteko aurrekontuen balorazioa egiteko. Hala, Adolfo Araiz EH Bilduko eledunak gogorarazi du “hobetu” egin direla foru erkidegoko finantzak aldaketa egon zenez geroztik eta 500 milioi euroko gorakada izan dutela aurrekontuek.

UPNk datu ekonomiko oroko horiei erreparatu beharrean amatasun atxikipenen gaia jarri du mahai gainean eta atxikipen horiek ez itzuli izana kritikatu dute. Eztabaidak iraun duen bitartean 20 laguneko herritar talde batek bizkarra eman die harmailetan gobernukideei, hitz egiten zuten aldi oro.