argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Parlamentuak 2018ko Aurrekontuak onartu ditu
  • Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren aldeko botoekin aurrera atera dituzte Nafarroako Foru Erkidegoko datorren urterako aurrekontuak. UPNk, PPk eta PSNk kontra bozkatu dute.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 21
(Argazkia: Nafarroako Parlamentua)

Sorpresarik gabe, Nafarroako Gobernua sostengatzen duen laukoak oniritzia eman dio ostegunean Parlamentuan 2018ko Aurrekontu Legeari. Hala, Uxue Barkosen exekutiboak beste urtebeteko arnasaldia izango du sailak diru-partidekin hornitzeko.

Denera 4.164 milioi euro izango dira –iazkoa baino %4 gehiago– baina finantza gastuek eta 2012an Espainian onartuko Aurrekontu Egonkortasunerako Lege Organikoaren ezarpenak –gastuari sabaia jarri, eta defizitari eta zor publikoari muga jartzen dio– koxka kenduko diote eta 3.127 milioi eurotan geratuko da poltsa.

Denera aurrez tramitera onartutako idatzizko 392 emendakin eztabaidatu dira osteguneko plenoan, eta beste 11 ahoz egin dira. Emendakin gehienak UPNk jarri ditu (224) eta atzera bota dituzte. Traperos de Emausentzako eta Iturissako indusketa gunerako diru-partidak, aldiz, aurrera atera dira.

UPNk eta PPk “aurrekontu ideologikoak” direla esan dute. Aldiz, Koldo Martinez Geroa Baiko bozeramaileak adierazi du egonkortasuna ekarriko dutela. Adolfo Araiz (EH Bildu) kritiko azaldu da aurrekontuekin, baina “aldaketarekin” aurrera egiteko beharrezkoak direla nabarmendu du.