Miren Peñaren hipotekari buruz Laboral Kutxak emandako azalpenak gezurtatu dituzte Nafarroako Hipotekak Kalte Egindakoen plataformek agiri bidez.
Nafarroako Hipotekak Kalte Egindakoen plataformek agiri bidez adierazi dutenez, Laboral Kutxak Miren Peñaren heriotzaren testuingurura eman dituen azalpenak gezurtatzera behartuta daude. Lehenik, elkarteen ustez, Laboral Kutxak aitzaki gisa jarri du 2013/1 Legea –hipotekekiko bankuen praktika egokien kodea arautzen duena– eta “hori baldarra da”. Halaber, gogor salatu dute lege hori, “berau indarrean jartzetik kanpo geratzen direlako familien %99,3”.
Bigarrenik, gezurtatu egiten dute Miren Peñaren egoerak ez zuela ahalmentzen kode hori indarrean jartzea, kutxak aipatu duen bezala, lege horren 5. artikuluaren 8. puntuan esaten delako Praktika Onen Kodean aurreikusitakoak indarrean jar daitezkeela 3. artikulutik kanpo egon daitezkeen zordunekin ere; ez hori bakarrik, diotenez, banku edo kutxek hobetu ahal izango dituzte legean aurreikusitakoak. “Zuek ‘operazioa’ deitzen duzuen hori, beraz, bat zetorren legearekin, baina ez zuen borondatearekin”, zehazten dute PAHkoek.
Hirugarrenez, PAHkoek azpimarratzen dutenez, Praktika Onen Kodeekin bat egiten dutenek haien zordunei legeak eskaintzen dituen aukera hauen berri eman behar diete, bai bulegoetan argi adieraziz eta baita ere ordaintzeko zailtasunak dituzten bezeroei zuzenduz. Mirenen kasuan ez zutela horrela egin salatu dute. Azkenik, adierazten dutenez, orain Miren Peñaren heriotzaren harira emandako azalpenak Laboral Kutxak aurrez aurre eman behar zizkion berari, bera garaian hipoteka aurrez aurre hitzartu zuten gisan.