argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako ostalariek helegitea jarriko diote tabernen barnealdea ixteko neurriari
  • AEHN Nafarroako Ostalaritza eta Turismorako Elkarteak eta Anapeh Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteak jakinarazi dute Nafarroako Auzitegi Nagusian helegitea jarriko dutela, Chiviteren exekutiboak harturiko neurriak "funtsik gabeak" direla iritzita.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 15a

Ostalaritzaren sektorea "hondamendian" dagoela adierazi du Nafarroako Ostalaritza eta Turismorako Elkarteak. Euren ustez, Nafarroako Gobernuak ostalaritzaren arloan ezarri dituen neurriak ez dira "eraginkorrak" izaten ari pandemiaren eraginari aurre egiteko, eta ondorioz Nafarroako Auzitegi Nagusira joko dute beste behin.

"Ebidentzia zientifikoek ez dute murrizketa handirik justifikatzen beste autonomia-erkidego batzuekin alderatzen garenean, hala nola Madrilekin edo Errioxarekin, eta, gainera, orain arte ez dira martxan jarri ekonomia eta osasuna uztartzeko beste aukera batzuk, hala nola aireztapen egokia CO2 neurketa baten bidez", azaldu du elkarte horrek. Datu batzuk ere eman dituzte ostalariek, hala, gogorarazi dute Nafarroako Gobernuaren arabera kutsaduraren %5 baino ez duela eragiten ostatuko kontsumoak.

Nafarroan ostatu eta tabernen barnealdeak itxita daude, terrazak ez ordea. Hala, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian egin bezala, justiziaren bidea hartuko dute Nafarroako ostalariek.

EAEren kasuan, Auzitegi Nagusiak arrazoi eman zien eta egun barnealdeak ere irekita izan ditzakete eremu gorrian ez badaude, kasu horietan gosari eta bazkaritarako orduetan soilik –neurri honi ere helegitea jarri diote–. Ipar Euskal Herrian, berriz, ostatu guztiak daude itxita gaur gaurkoz –saltoki zein eskolak bezala–, barne zein kanpoalde.

Terrazetan erretzen ez uzteko proposamena

Distantzia gordeta ere, terrazetan erretzea debekatzeko proposamena darabil esku artean Espainiako Gobernua. Zirriborroa oraindik ez diete erkidegoetako ordezkariei aurkeztu, EiTBk agentzia iturriak aipatuz argitaratu duenez, baina hainbat kontu tekniko argitu ostean Erkidegoen Lurralde Arteko Batzordean eztabaidatzeko prestatuko dute.

Espainiako gobernuak dio bi helburu dituela neurri horrek: koronabirusagatiko kutsatzeak saihestea eta "gaixotasunaren eboluzioa kontrolatzea". Hala, bi metroko ditantzia egonik ere, erretzaile batek ezin izango luke taberna edo ostatu bateko terrazan erre, proposamen hori aurrera aterako balitz.