argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako ospitale publikoetako janariaren kudeaketa Osasun Sailaren esku egonen da berriz
  • Nafarroako ospitale publikoetako sukaldeak pribatizatzeko asmoa agertu zuen Nafarroako Gobernuak UPNren eskutik 2011n. Lortu ondoren, orain  Mediterranea de Catering enpresak urtarrila eta ekaina bitarte utziko dio otorduak eskaintzeari. Makina bat kexa egon dira 2013ko pribatizazioaz geroztik.

ARGIA @argia 2016ko urriaren 03a

Nafarroako Kontuen Ganbarak, 2012an egindako txosten batean, sukaldeak bateratzearekin eta hotz sistema erabilita sukaldatuta nahikoa zela esan bazuen ere, erregionalistek aurrera segitu zuten. Hala, 2013an Mediterranea de Catering enpresa hasi zen lanean. Orduantxe abiatu zen polemika.

2.211 erreklamazio eta kexa jaso zituen Osasunbideak, zerbitzua martxan jarritakoan. Iruzkinak denetarikoak izan dira azken urteoran: torlojuak aurkitu dituzte pazienteek, arrak, tenperatura baxuegia edota altuegia zuten platerak, akatsak menuetan...

Arazoaren tamainaren jakitun, akordio programatikoan adostu zuten 'aldaketaren aldeko indarrek' publifikazioa lehentasuna zela. Bi epetan eginen dute: hasieran, publifikazio partziala eginen dute, 749.490 euroko kostuarekin eta 33 lanpostu sortuta; aurrerago, 1,3 milioi euroko inbertsioa eginen dute, guztiz publiko bihurtzeko.

Hala, lehenengo seihilekoan joanen da Mediterranea eta lehiaketara aterako dira garbiketa, banaketa eta janaria platerean jartzeko postuak.

(Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentzia baliatuta ekarri dugu ARGIAra)