argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Osasunbidean abortatzeko aukera izanen dute emakumeek aurten
  • Nafarroako Osasun Publikoan abortatu ahalko dute emakumeek, Fernando Dominguez Osasun kontseilariak adierazi duenez. “Urtea bukatu baino lehen” neurria martxan jartzea aurreikusten dute.

Garazi Zabaleta 2015eko irailaren 08a
2014ko apirilean, abortatzeko eskubidearen alde Iruñean egindako manifestazioa (argazkia: feministas.org)

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak sinatutako gobernu akordioan jada agertzen zen abortatzeko eskubidearen inguruko planteamendua. Neurriarekin abian jarriko dute adostutakoa.

Kontseilariak EITBn egindako elkarrizketan adierazi du orain arte haurdunaldiaren borondatezko etetea Osasunbidean ukatzearen arrazoia UPNren “borondate politiko falta” izan dela. “Kontzientzia eragozpenaren” erabilpena, legedia ez aplikatzeko alderdi horren “aitzakia” izan dela gaineratu du. 

Egun, eta 2011az geroztik, Nafarroako Osasun Publikoa da Espainiako Estatuan abortoak praktikatzea ukatzen duen bakarra. Urte horretatik Antsoaingo klinika pribatu batera bidali dituzte emakumeak, abortoak han egin eta diru publikotik ordainduz.

Mugimendu feministaren aldarri historikoa

Nafarroan, estatu osoan bezala, abortatzeko eskubideari jarritako oztopoek mugimendu feministaren borroka izan dute aurrez-aurre. Abortatzeko Eskubidearen aldeko Nafarroako Batzordea osatu zuten herrialdean aldarria zabaltzeko, eta mobilizazio ugari egin dira urteetan.

2014ko apirilean abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioa egin zuten Iruñean Euskal Herriko mugimendu feministak deituta. “Gure gorputza, gure erabakia” lelopean, milaka pertsona elkartu ziren hiriburuan Alberto Ruiz Gallardonen abortoaren erreformari aurka egiteko eta abortuaren “pribatizazioa” gaitzesteko.