argia.eus
INPRIMATU
Dementzia duten pertsonen zaintzaileentzako webgunea
  • Nafarroako Osasun Atariaren bidez sar daiteke eta zaintzaren inguruko zalantza ohikoenak erantzuteko baliabideak, estrategiak edo erantzunak jasotzen ditu zaintzaileei zuzendutako webguneak.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 09a
Argazkia:Ann Gordon/ Flickr

Nafarroako Osasun Zerbitzuak eta Alzheimerra duten gaixoen senideen Nafarroako elkarteak (AFAN) elkarlanean egindako proiektua da. Nafarroako Osasunaren web atarian gune bat sortzea bultzatu dute, dementzia duten pertsonen zaintzaileentzat. 6.000 pertsona baino gehiagok dute dementzia Nafarroan, eta horietatik ia 5.000 etxean bizi dira. Hauen zainketa eta autozainketa laguntzea du helburu webgunea.

Gainera, dementzia dutenekin batera egiteko jardueren proposatzen ditu, ingurunera egokitzeko aholkuak ematen ditu eta oroimen arazoak dituzten pertsonen estimulazio kognitiborako printzipioak eskaintzen ditu. Estimulazio kognitiboa Plan Terapeutikoaren parte da, eta, beraz, pertsona bakoitzaren behar aldakorretara nola egokitu azaltzen du webguneak.

Webgunean, hainbat ikus-entzunezko material ere badaude: zaintzaileen esperientziak kontatzen dituztenak eta dementziako sintoma psikologikoen eta jokabideen aurrean farmakologikoak ez diren baliabideak azaltzen dituztenak. Azken horretan Josefina Arregui klinikak lagundu du.

6.000 pertsona baino gehiagok dute dementzia Nafarroan

Navarra.es atariak adierazi duenez, gaur egun, dementzia-diagnostikoa duten 6.276 pertsona daude Nafarroan; horietatik 1.405 egoitzetan bizi dira eta 4.871 etxean. Azken horietatik, %72k 80 urte baino gehiago dituzte, eta kasu gehienetan senide batek zaintzen ditu.