Iruñeko El Redin kolegioko ikasleek prestatutako antzezlanak polemika sortu du mezu “xenofoboak” zabaltzeagatik, Gara egunkariak aditzera eman duenez.
El Redin Opus Deiren ikastetxe kontzertatua da. Zentro horretako batxilergoko ikasleek –mutilak dira denak- antzerki obra bat prestatzen dute urtero; eta gurasoei erakustaldia egin ondoren El Vergel zaharren egoitza publikoan eskaintzen dute Gabonetan.
Garak dioenez, El Vergeleko langileak minduta eta kezkatuta agertu dira gazteek zaharrei egindako emanaldiarekin. Ikastetxeko webgunean iragartzen denez antzerkiaren gaia honakoa da: “Europako gaizkile batzuek Nafarroako Ogasunaren kontra eginiko erasoak defendatu behar dituzte Nafarroako segurtasun indarrek”.
Gaia hori izanda ere, 16-18 urte bitarteko aktoreek Nafarroako foruzainez mozorrotuta agertu ziren plastikozko metrailetak eskuan. Nafarroako identitatearen galera salatzen zuten, besteak beste, txinatarren “inbasioaren” kontra eginez eta Los Arcoseko zirkuitua atzerriko enpresa bati saldu izana deitoratuz.
Ogiberri eta Eroski enpresa euskaldunak ere jomugan
Zaharren egoitzako langileek aditzera eman dute Ogiberri okindegien eta Eroski supermerkatuen aurkako mezuak zabaldu zituztela gazteek. Foruzainez mozorroturik “maltzur” horien kontra metrailetekin defendatzen zirela irudikatuz.
D ereduaren polemika eta “doktrinamendua”
Antzezlan horren polemika D ereduko ikastetxeen aferarekin lotu dute zenbaitzuk; izan ere, Guardia Zibilak eta Nafarroako Gobernuak euskarazko irakaskuntza ETArekin lotu eta haurrak “doktrinatzen” direla esan baitute.
ELA sindikatuak azalpenak eskatu dizkie Nafarroako Gizarte-Gaietako zuzendaritzari eta El Redin ikastetxeko zuzendaritzari. Sindikatuak uste du adingabekoek halako mezudun obrak agureei zabaltzea onartezina dela.