Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiak duela 22 egun dimititu zuen eta atzo hori egiteko argibideak eman zituen legebiltzarrean. Besteak beste, Lourdes Goicoechea Ogasun kontseilaria zergadun handi bati inspekzioa egitea galarazten saiatu zela salatu du.
Bideoa: Idoia Nievesen adierazpenak
Nievesen azalpenak osorik sareratu ditu Noticias de Navarra egunkariak. Bideoan ikus daiteke Nievesek nola azaltzen dituen Goicoecheak egin zizkion eskariak zergadun handien ikuskaritzak eragozteko.
Zergadun handiei faborezko tratua?
Legebiltzarrean Ekonomia batzordean hitz egin zuen Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak, zergatik dimititu zuen azaldu nahi zuen. 2012tik Ogasun kontseilariarekin eta Nafarroako presidente Yolanda Barcinarekin izandako hainbat enkontru kontatu zituen.
Nievesek adierazi zuenez, 2012ko udan zergadun handi bati ikuskaritza egitea galarazten saiatu zen Goicoechea. Atzo esan zuenez, “esan nion ez zuela ikuskaritza nori bai eta nori ez erabakitzeko eskumenik”.
Ekainean zergadun handi horri ikuskaritza egin behar zitzaiola-eta horren berri eman zion Nievesek Goicoecheari. Posta elektronikoz idatzi zion, baita Goicoecheak hala erantzun ere.
Berria egunkariak jaso duenez, Goicoecheak honako erantzuna bidali zion: “Nor den aintzat hartuta, ikaragarri deritzot, ez da politika on bat hori. Presidentearekin hitz egingo dut. Izan ere, zergadun garrantzitsua da gure erkidegoarentzat”. Atzoko legebiltzarreko batzordean kontatutako gertaeretako bat baino ez da. Goicoecheaz gain Yolanda Barcina bera ere salatzen du Nievesek.
Goicoechea bere bakardadean
Nievesek adierazpenak egin eta pare bat ordura Goicoecheak prentsaurrekoa eman zuen, berak bakarrik. Adierazi zuen harrituta eta etsituta zegoela salaketengatik eta kargua bere intereserako erabili izana ukatu zuen.
PSNko Juan Jose Lizarbek ikerketa batzordea eskatu du azken hamar urteotako kontuak begiratzeko. Gainerako alderdi politikoek Goicoechearen dimisioa eskatu dute.