argia.eus
INPRIMATU
Habelarte
Nafarroako Mendialdeko baserritar agroekologikoen elkartea jaio da
  • Bi urteko prozesu luzearen ondoren, martxoaren 28an egin zuten Nafarroako mendialdeko baserritar agroekologikoen elkartearen batzar eratzailea Aralarko Done Mikel Santutegian. Habelarte du izena talde jaio berriak, eta hamar udalerritako baserritarrak deitu dira bertan parte hartzera: Leitza, Areso, Goizueta, Arano, Lekunberri, Larraun, Araitz-Betelu, Basaburua, Imotz eta Atezkoak. Lehen sektoreak eta baserritar txikiek egunerokoan dituzten arazoei elkartuta eta saretuta erantzutea dute asmo, eta elikadura burujabetzaren eta iraunkortasunaren bidean kokatzen dute haien jarduna.

Garazi Zabaleta 2021eko apirilaren 08a

Leitzako eta Aresoko baserritarrengandik abiatu zen duela hiru urte elkartea sortzeko ekimena, baina eskualde zabalagoko ekoizleak biltzea egokiago iruditu zitzaien. “Hasierako ideia Leitza eta Areso mailako zerbait egitea bazen ere, erabaki zen ekimena mendialde osora zabaltzea, besteak beste, zonalde osoan eredu horretan ari diren edo ari nahi duten baserritarrak antolatzen hasteko beharra ikusten zelako”, diote zabaldutako prentsa oharrean. Baserritarrak beraiek izan dira elkartea sortzeko prozesuan buru-belarri aritu direnak, baina Cedernaren Garalur Landa Garapenerako elkartearen laguntza eta babesa ere jaso dute ibilbide osoan.

Mendialdeko eskualde zabala anitza da orografiari eta toki bakoitzean nagusi den ekoizpen ereduari begira. Desberdintasunak kudeatzeak eta puntu komunak bilatzeak bere lana eta denbora eskatu duela azaldu du Cedernako elikadura eta dinamizazio teknikaria den Amaiur Unzuetak: “Leitzako eta Aresoko baserritarrek idatzitako zirriborroa zabaltzeko eta gainontzeko udalerrietako baserritarren ekarpenak jasotzeko saioak egin genituen hasieran, eta gero eskualde osoko bilkurekin jarraitu genuen prozesua”. Desberdintasunak desberdintasun eta zailtasunak zailtasun, lortu dute azkenean elkartearen oinarriak, helburuak eta filosofia denen artean adostea.

Soluzio kolektiboak lantzeko

“Tokiko errealitatea desberdina izanagatik, beharrak guztiontzat berdinak direla konturatzeko balio izan digu bi urte hauetako lanketak”, diote prentsa oharrean. Behar horiei kolektiboki erantzuteko sortu dute Habelarte, eta horrela definitu dute taldearen helburu nagusia: “Nekazaritza iraunkorra bultzatzea, eredu estentsiboan eta agroekologian oinarritutako praktikak sustatuz eta prozesu eraldatzaile bezala ulertuta. Eredu hau landuz, gure etxaldeen errentagarritasun ekonomikoa ez ezik, oreka soziala eta ekologikoa ere lortu nahi ditugu”.

Ekoizpen arloan, eraldaketa prozesuan, komertzializazioan, promozioan eta kontsumitzaileekiko eta administrazioarekiko harremanetan eragitea du asmo elkarte jaio berriak, eta haien irizpideetan oinarritutako marka sortzea dute aurrera begirako lan ildoetako bat. Momentuz, baserritarrak elkartera batzeko lanean ari dira; horretarako, konpromiso karta eratu dute, taldera batzen direnek oinarriekin bat egiten dutela bermatzeko.