argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako LGTBI+ berdintasun sozialerako legea, aurrera
  • Gobernua sostengatzen duten lau indarrek eta PSNk sortu dute, LGTBI kolektiboekin parte hartze prozesua egin ostean. Transexualitatearen despatologizazioan urratsa da, eta sentsibilizazio politikak zein zigorrak barnebiltzen ditu. UPN abstenitu egin da eta PPk aurka bozkatu du.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko ekainaren 09a

LGTBI+ berdintasun sozialerako lege proposamena eztabaidatu eta onartu dute Nafarroako Parlamentuan, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra eta PSNren ekinez; azken honek luzatu zuen legea garatzeko proposamena, laukoak 2015eko akordio programatikoan hala jaso bazuen ere. 

Zer aldatuko da?

LGTBIfobiari aurre egiteko neurriak bere gain hartuko ditu legeak: protokoloak garatuko ditu; sentsibilizazio eta prestakuntza kanpainak egin; eta, behar izatekotan, zigorrak ere jarriko ditu. 

Gainontzekoan, administrazioko hainbat arlotan, hala Osasunbidean nola kirol munduan, genero eta sexu identitateari buruzko informazioa zabaltzea sustatuko du Exekutiboak. Hezkuntzan, ildo berean, lanketa programak jarriko dituzte martxan. 

Ugalketaren arloan, LGTBI pertsona guztientzat eskuragarri izanen da ugalketa lagundua. Transexualitateari dagokionez, despatologizazioaren aldeko urratsa eman du legeak.

Nafarroan 31 gorroto delitu izan dira

Espainiako Barne Sailak aurkeztutako Espainiako gorroto delituei buruzko txostenaren arabera, 31 gorroto delitu izan dira Nafarroan, gehienak orientazio eta identitate sexualari loturikoak, hamar, hain zuzen ere. Zazpi ideologiarekin erlazionaturiokak; beste zazpi erlijio sinesmenengatik; lau arrazakeria eta xenofobiarengatik; bi desgaitasunarekin; eta bakarra sexua edota generoa dela eta. 

Erasotzaileak, gizonezkoak

Erasotzaileei dagokienez, %86,6 gizonak izan dira eta 18 eta 40 urte artean dauzkate. Espainiako estatuan, 1.272 gorroto delitu izan dira 2016an, 2015ean baino %4,2 gutxiago. 

Albiste hau Euskalerria irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.