argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako landa eremuko langileek sektoreko prekarietatea amaitzea eskatu dute Iruñean
  • Sektoreko langileak pairatzen dituzten “lan-baldintza gogorrak” azpimarratu dituzte, eta enplegatzaileen gehiegikeriak amaitzeko hitzarmen duina baliatzea eskatu dute.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko abenduaren 04a
Argazkia: LAB Sindikatua

Landako langileak kalera atera dira igande honetan Iruñean LAB sindikatuak eginiko mobilizazioan. Nafarroan sektore horretan diharduen langile guztientzako baldintza duinak aldarrikatu dituzte. Langile gehienak migratzaileak direla gogorarazi du sindikatuak: zaurgarritasun egoeran dagoen gero eta kolektibo handiagoa da Nafarroan, baina patronalak haien egoera ahula langileak ustiatzeko erabiltzen du maiz.

LABek langileen lan baldintza kaskarrak azpimarratu ditu: “Oso soldata txikiak dituzte, eta lan baldintza gogorrak. Askotan, legeak arautzen dituen lan-eskubiderik oinarrizkoenak errespetatzen ez dituzten lurjabeentzat lan egin behar izaten dute”.

Aldarrikapenak

Sindikatuak gogorarazi du prekarietatea eta lan-istripuak amaitzea, soldatak duintzea eta zor kolonialaren ordainketa eskatzea direla ezinbesteko baldintzak hitzarmen duin berrirako. Beste hainbaten artean, hauek izango dira aldarrikapen nagusiak: KPIa bermatzea; lanaldi jarraia eta bi atseden egun izatea; lantokira joateko garraioa ordaintzea, istripu hilgarririk gerta ez dadin; senitartekoen distantzia kontuan hartzen dituzten baimenak izatea eta haiek zaintzeko aukera ematea; lan egiten ez dutenen langabezia kobratu ahal izatea; peoi biltzailearen kategoria bidegabea eta esklabista kentzea; eta lanaldien benetako kontrola izatea, benetan lan egiten diren orduen iruzurra saihesteko.