argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako landa eremuetan bideratu arrazakeria salatu du Mugak Zabaldu karabanak
  • "Elikadura burujabetza, nekazaritzan eta abeltzaintzan ingurugiroarekiko errespetuzkoa den bertako ekoizpena eta familia arloko ustiapenaren alde gaude, baina ez langileen baldintza prekarioen kontura", horra zer adierazi nahi ukan duten Nafarroako landa eremuetatik. Ondotik, Gipuzkoara joan eta SAPA eta armak ekoizten dabiltzan beste euskal enpresen jokaera ere gogorki kritikatu dute.

ARGIA @argia 2020ko uztailaren 20a

Landa eremuetan gertatzen dena "egiturazko arrazakeria" dela salatu zuen Mugak Zabaldu karabanak uztailaren 17an Nafarroako lande eremuetara bertaratuz. Langile etorkinen "eskulanei ahalik eta etekin gehiena xurgatzeko" helburuz bideratu manipulazioaren berri eman du kolektiboak. Lan hitzarmenen errespetu-eza, osasun arloko baldintza txarrak, soldata apalak zein lan eskubideen alde dabiltzanen kontrako mespretxu eta zigorrak, hamaika adibide entzun ahal izan dituzte bertaratuz.

Hori horrela, hona exijitu ditena: "Lan-baldintzak hobetzea, eta gutxienez laborantza lan-hitzarmenek agintzen dutena betetzea".

Armagintza: oinarrizko arazo bat

Nafarroatik Gipuzkoara joanik, SAPA eta armak ekoizten dituzten beste euskal enpresen jokaera kritikatu du Mugak Zabaldu karabanak: "Jakin badakigu Euskal Herrian armak ekoiztu eta esportatu egiten direla hamaika gatazka gunetara –Siria, Yemen, Kurdistan, Palestina…– erailketak eta sarraskiak eragiteko. Eta herri horietan gatazkek jarraitzen duten bitartean, pertsonen desplazamenduek jarraituko dute".

Osasun testuingurua dela eta, ezin izan dute Euskal Herritik kanpo joan Europar Batasunak migrazioaren kontuan daraman "politika hiltzailea" salatzeko. Halarik ere, bertatik, hau da, Euskal Herritik bideratu politika eta diskriminazio arrazistak salatu ditu Mugak Zabaldu karabanak. Abuztuaren 26tik 30era egingo duten Europako karabanan parte hartzeko gomita luzatzen du kolektiboak interestu guztiei.

Manifestazioak Bilbon, Iruñean eta Donostian

Manifestazioen bitartez, papergabeen erregularizazioa aldarrikatu dute uztailaren 18an. Protestak egon dira Bilbon, Iruñean eta Donostian. Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak berriro errepikatu du oinarrizko printzipioa: "Erregularizazioa oinarrizko eskubidea da eta lehenengo pausua da pertsona guztien duintasuna lortzeko. Ez da karitatea, justizia soziala da." Horra hor ondoko bideoan, hitzaldia gazteleraz: