argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako lan epaitegiak ebatzi du Glovoko banatzaileak autonomo faltsuak direla
  • Gizarte Segurantzak ofizioz jarritako demandari erantzun dio Iruñeko lan arloko epaitegiak eta arrazoia eman: 2018ko abuztutik 2019ko urrira Glovorentzat lan egin duten 207 banatzaileen kotizazioak ordaindu beharko dizkio enpresak, soldatapeko langileak zirelako, ez autonomoak.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 14a
Glovorentzat lan egiten duten 'rider'-ak soldatapeko langileak direla dio lan epaitegiak. / Argazkia: LAB.

Glovoko langileak “autonomo faltsuak” izan direla ebatzi du Iruñeko lan arloko epaitegiak. Zenbaitetan salatutakoa berretsi du epaiak, alegia, Glovoko banatzaileak enpresaren soldatapeko langileak direla eta ez autonomoak, Glovok baieztatzen duen bezala.

Irailaren 1ean jarri zuen salaketa Gizarte Segurantzak, ofizioz, eta azaroaren 14an argitu da auzia. 2018ko abuztutik 2019ko irailera bitartean Glovorentzat lan egin duten 207 rider-en kotizazioak ordaindu beharko ditu enpresak, 248.738,56 euro, zehazki. Glovok errekurtsoa jartzeko aukera dauka oraindik.

Zera ondorioztatu du epaileak: Glovo ez dela zerbitzuen kontratazioen bitartekari hutsa, baizik eta zerbitzu hori koordinatzen eta antolatzen duela. LAB sindikatuak gogorarazi duenez, kontratuetan jasotzen den aukeratzeko –egunak, orduak, eta eskaerak onartzea edo ez– askatasuna eta autonomia “ez da erreala”, aplikazioak zigortu egiten baitu banaketa gutxi egitea. Halaber, ez zituen langileak zehazten prezioa eta funtsezko lan-baldintzak, besteak beste, ezpada Glovok berak.

Salaketekin segitzeko asmoa, LABek

LAB sindikatuak epaia ospatu du, eta ohar batean adierazi dute “oso pozik” daudela, Auzitegi Gorenaren doktrinarekin jarraitzen duelako –aurretik ere beste epai batzuek ebatzi dute autonomo faltsuak direla rider-ak–. Halere, salatzen jarraitzeko asmoa adierazi dute, Lan Ikuskaritzan nahiz epaitegian, “Glovok legea zehatz-mehatz bete arte”. Sindikatuak ohartarazi du epaia “oso berandu” iritsi dela eta “langile asko” kanpo utzi dituela.