Nafarroako Parlamentuak eta Valtierrako udalak egindako eskaerari erantzunez Nafarroako Kontuen Ganberak informe bat egin du Bardeako Komunitateak egindako gastuei buruz.
“Diru Publikoaren erabilera zuzenarekin zerikusi gutxi dute Bardeako Komunitatearen gastuek”, horrela dio Nafarroako Kontuen Ganberak egin duen txostenak. 900.000 euro gastatu ditu komunitateak 2010 eta 2016 urteen artean protokolo gastuetan. Horietatik 102.000 euro, konferentzia ugaritara egindako bidaietan gastatu dira, besteak beste, Txile, Costa Rica, Israel eta Brasilera egindakoetan.
Egiptora eta Senegalera egindako bidaietan 34 eta 29 ordezkarik hartu zuten parte, ustez parke nazionalen kudeaketa ereduak ezagutzeko. Hala ere txostenak jasotzen duenaren arabera, gai horretan lanean zebilen tekniko bakar batek ere ez zuen parte hartu bidaia horretan.
Bardeako Komunitateak 41.000 hektareako hedadura duen lur zatia kudeatzen du. Berau parke natural eta biosferaren erreserba gisa izendatuta dago eta ez da herritarrik bizi bertan.