argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Kontseiluak dio Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Baluarteko hitzarmena legezkoa dela
  • Datorren ostiralean, hilak 29, Katxiporretako pailazoek Iruñeko Baluarten eskaini behar zuten Bizi Dantza ikuskizuna, baina Iruñeko Udaleko Navarra Sumaren udal gobernuak atzera bota zuen kontratazioa, aurreko udalak egindako kontratuak legezko gabezia ugari zituela argudiatuta.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 27a

Pailazoek eta haren abokatuak Nafarroako Artekarira eta Nafarroako Kontseilura jo dute eta bi egiturek kontratua legezkoa dela ebatzi dute. Artekariak ikuskizuna ahalbideratu dezala eskatu zion Enrique Mayak gidatzen duen udalari, eta Nafarroako Kontseiluak orain zehaztu duenez, ez dago nahiko arrazoi ikuskizuna atzera botatzeko eta kontratua legearen barruan egina dago.

Kontseiluaren esanetan, posible da publizitaterik gabeko kontratazio artisktikoak egitea, are gehiago kasu honetan bezala “ikuskizun bakarra izanda”. Kontratazioaren prozedura askoz hobeto egin zitekeela ere badio erakundeak, baina argi azpimarratzen du berau ez dagoela “ohiko prozeduretatik guztiz at”, finean bi osagai garrantzitsuenak badituelako: batetik, sinatutako hitzarmenean adjudikazioa zein den argi zehazten da, eta bestetik, hau nola ordainduko den ere argi finkatzen da. Horregatik guztiagatik, kontseiluak ebatzi du Iruñeko Udalak ez duela ongi egin pailazoen kontratua bertan behera utziz.