Nafarroako Komiki Azokak H28 aldizkariko bi lan zentsuratu ditu, euskarazko komiki agerkariak publiko egin duenez.
Duela hiru aste eskaera jaso zuen H28k: hamalau piezako bilduma galdegin zien Komiki Azokak, fanzineei buruzko erakusketan jartzeko. Aldizkariko kideen esku geratu zen hautaketa eta H28k nabarmendu duenez, “antolatzaileek inongo momentutan ez zuten inongo eduki mugarik aipatu”.
Bidalitako bi lanen edukia izan da, ordea, Komiki Azokak haiek atzera bota izanaren kausa. “Zehazki, Opus Deiri eta pedofilia eskandaluei erreferentzia egiten die zentsuratutako biñetatariko batek, eta Guardia Zibilak Burlatan ‘Tortura’ zioen margoketaren harira egindako atxiloketak ziren atzera bota duten beste biñetaren gaia”.
Bi lan horiek zentsuratzen jarraitzen baldin bazuten, ez zuela azokan parte hartuko jakinarazi zuen H28k. “Erabakia hobeki pentsatzeko” deia egin zien aldizkari satirikoak Komiki Azokako arduradunei. Baina ekitaldia antolatzen duen Tiza elkarteko zuzendaritzak marrazkiak erretiratzeko erabakiari eutsi dio eta, hortaz, H28k ez du parte hartuko VII. Nafarroako Komiki Azokan.
Zentsuratzeko argudioak eta babesleak galtzeko arriskua
H28k argitara eman ditu Komiki Azokak bi lanak baztertzeko erabili dituen arrazoiak. Opus Deiri buruzko biñetaren kasuan “gehiegizkoa” dela argudiatu dute, “ez dugu uste kolektibo oso hau pedofiliaren gaiaren barruan sartu beharko litzatekeenik”, azaldu dute Komiki Azokako arduradunek, aldizkariaren arabera.
Guardia Zibilari eta torturari buruzko biñetaren kasuan berriz, “ez zaigu horri buruz hitz egiteko lekua iruditzen” esan dute Komiki Azokaren arduradunek. “Beste modu batean” hitz egin daiteke torturaren gaiaz haien ustez.
Horrez gain, Komiki Azoka babeslerik gabe geratzeko arriskua ere aipatu diote H28ri antolatzaileek. Nafarroako Kutxaren fundazioa, La Caixaren gizarte ekintza eta El Corte Ingles saltoki handia dira, beste batzuen artean, ekitaldiaren babesle ekonomikoak. “Hori jakinik, H28 aldizkariko kideak prest azaldu dira antolatzaileei beren marrazkiek komiki azokan utziko duten hutsunea bete ahal izateko El Corte Inglesen katalogo bat helarazteko”, azaldu dute aldizkariko kideek. “Bereziki interesgarriak dira, adibidez, altzariei eta etxe tresnei buruzko orriak. Akaso horrela prezioa izango da Tiza elkartekoek edukiko duten arazo bakarra, eta ez edukia”.