argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako Komiki Azoka, hiru astez Iruñean eta Lizarran
  • Tiza elkarteak antolatuta, Nafarroako Komiki Azokaren XVI. edizioa egingo da gaur hasita hilaren 24ra arte, Iruñea eta Lizarrako hainbat lekutan. Mahai-inguruak, tailerrak, bisita gidatuak, erakusketak, topaketak artistekin, auto-edizio eta bigarren eskuko azoka... hamaika jarduera izango da.

Jon Torner Zabala @jtorner 2023ko irailaren 01
'Goya-Hellboy' erakusketako ilustrazioetako bat.

Komikitoki, autoedizio eta bigarren eskuko azoka, irailaren 9an egingo da Iruñeko Autobus Geltoki zaharraren nasetan. Emausko Trapuketariak, Geltoki eta Antsoain Komiki Boom elkarteekin batera antolatutako egitaraua goizeko 11:00etan ireki eta iluntzean itxiko da, musika emanaldiekin.

Erakusketen artean, bestalde, Lizarrako Fray Diego Kultur Etxean paratu duten Non gogoa… komikiari buruzkoa –zeinak biltzen dituen 1983 eta 1984 urteen artean Javier Minak eta Pedro Osesek mendizaletasuna sustatzeko Habeko Mik aldizkarian plazaratutako istorioak– edota Goya-Hellboy izenekoa aipa ditzakegu. Bigarren hori Iruñeko Civivox Condestablen dago ikusgai; Stéphane Levallois artista frantziarrak Goyaren ikonografia fantastikoaren inguruko gogoeta proposatzen du: Pradoko Museoan dauden pintura beltzak, Lázaro Galdiano Museoan ikusgai dauden Akelarreen oliozko pinturak… Horiei munstro garaikidea txertatu die, Mike Mingnolak sortutako Hellboy.

Komiki Azokaren kartela Nadia Hafid ilustratzaileak egin du.