argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako IX. Azoka Ekologikoa egingo da Noainen irailaren 13tik 15era
  • Hitzordua Noaingo Zentzumenen Parkean izango da. Herritarrak eta ekoizleak elikagai ekologikoen inguruan biltzeko Nafarroako topagune handiena da azoka. Bederatzigarren edizioa da aurtengoa eta laugarren urtez jarraian Noaingo Zentzumenen Parkean egingo da.

ARGIA @argia 2024ko irailaren 06a
Jose Mari Aierdi Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilariak, Mari Jose Arrondo NNPEK-ko lehendakariak eta Sebastian Marco Noaingo alkateak parte hartu dute azokaren aurkezpenean. (Argazkia: NNEPK)

Guztira 37 postu izango dira, horietatik 30 Nafarroakoak eta zazpi beste autonomia-erkidego batzuetakoak. Musika-emanaldiak, tailerrak, erakusketak, gune gastronomikoa eta haurrei zuzendutako programa ere izango ditu. Azoka hilaren 13an irekiko da arratsaldez, ostiralez, larunbatean egun osoan irekita egongo da eta igandean eguerdira arte.

Iruñeko Geltokik eramaten duen gastronomia-gune zabal bati esker Nafarroako elikagai ekologikoekin egindako plater eta edariez gozatzeko aukera izango da. Azokak salmenta zuzena sustatzen du eta ekoizleak bertatik bertara ezagutzeko aukera ere eskaintzen du. Elikagai freskoak, sasoikoak, elaboratuak eta ziurtatuak kontsumitzeak duen garrantzian sakontzen du, eta arlo horiez sentsibilizatzeko helburua ere badu.

Hitzordua Elena Corralesekin

Azokaren programazioa irailaren 12an, ostegunean, hasiko da, 18:30ean, Elena Corrales biologo eta nutrizionistak emango duen hitzaldiarekin. 40 urte baino gehiagoko esperientziarekin, osasunaren mantentzean eta berreskuratzean elikagai ekologikoen kontsumoak duen garrantziari buruzko hitzaldia emango du. 

Asteburuan, dena den, ekitaldi ugari egongo dira Noainen eta horien kontsulta egin daiteke NNPEK Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluaren webgunean.