Itun hori iazko irailaren 14an sinatu zen eta harrezkero ez dago geroko araurik itun hori indarrik gabe uzten duenik: "Beraz, bete egin behar da", diote LAB, Steilas, Afapna, Anpe, CCOO eta UGT sindikatuek. Hori aldarrikatzeko ostiral goizean agerraldia egin dute Hezkuntza Kontseilaritzaren egoitzaren aurrean, Iruñean.
Horrela azaldu ute auzia erredakziora bidalitako agirian: "Itunaren indarraldia sinatu zenean hasi zen, eta 2022ko abuztuaren 31ra arte iraunen du. Edukia modu automatikoan luzatuko da harik eta beste akordio bat sinatzen den arte. Itun honetan bilduriko neurriak kasuan kasuko atalak edo puntuak adierazten duen datan beteko dira edo, bestela, itunak indarra duen epearen barnean.
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak ituna betetzeko konpromisoa hartu du Nafarroako Parlamentuan, akordio programatikoan, Hezkuntza Publikoaren mahai sektorialean eta komunikabideei egindako zenbait adierazpenetan. Kontseilariak ezin du jan emandako hitza.
Nafarroako Parlamentuak, 2020ko ekainaren 10ean, aho batez onetsi zuen ebazpen bat, Nafarroako Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Ituna betetzen jarrai dadin, eta Gobernuari eskatu zion lanaldia murrizteko 57 urtetik gorako irakasleei 2020ko irailetik aurrera, Itunean jaso bezala".
Sindikatuen esanetan, ez da lehen aldia itunei jaramon egiten ez zaiena: "2007-2011rako sinatutako ituna ere ez zen bete. Ez betetzeaz gain, murrizketa basatiak aplikatu zitzaizkion hezkuntza publikoari".
"Ituna Gobernuarekin egin zen, negoziazio luze eta neketsu baten ondoren. Korapillo asko askatu behar izan ziren aurrekontuari dagokionez. Horrenbestez, dirurik ez dagoela aitzakiatzat hartzeak ez du batere zentzurik; hobe litzateke esatea ez dutela hezkuntza publikoan inbertitu nahi.
Ituna beteko balitz, xehetasun ugari hobetuko lirateke: prestakuntza, ordezkapenak, ratioak, aniztasunaren trataera, eskola txikiak bultzatzea, eskola-jantokiak, energia autonomia, software librea, eta abar".
Zuzendaritza orduak eta 57 urtetik gorakoen lanorduak jokoan
"Itunaren neurrietan bi dira bereziki funtsezkoak: zuzendaritza orduak konpentsatzea eskola txikietan, eta adinagatiko irakastorduak gutxitzea. Azken hori ez da betetzen ari, eta datorren ikasturteko plantilletan ez dira aurreikusi", azaldu dute sindikatuek.
"Irakastorduak gutxitzea 60 urtetik gorako irakasleei. Hau 2019-20 ikasturtean ezartzekoa zen, baina ez da deus egin (lanaldiaren herena eta ikastetxean egotera behartua ez izatea).
Irakastorduak gutxitzea 57 urtetik gorako irakasleei 2020-21 ikasturtean (3 saio).
Horrek guztiak bat egiten du alarma-aldiko ordezkapen kopuruaren murrizketa latzarekin. Beraz, funtsezkoa da Nafarroako Gobernuak gogoeta egitea eta hezkuntza publikoko irakasleei eskubide gehiago ez murriztea".