'Nafarroako Intxaurra' marka kolektibo berriak Lizarraldeako, Erdialdeko eta Goi Erriberako zortzi ekoizle biltzen ditu. Kanpaina honetan 200 bat tona intxaur merkaturatuko dituzte, Nafarroan ekoizten den intxaur kopuruaren %46 inguru.
Nafarroak 307 hektarea intxaurrondo inguru ditu, zeintzuek 424 tona intxaur ematen dituzten, autokontsumorako uzta eta merkaturatzen den kopurua batuta. Nafarroako Intxaurra marka kolektiboak –Reyno Gourmet zigiluan sartu dena– "gure lurrari oso lotuta dagoen produktu bati aitorpen estrategikoa dakarkio", Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdik azaldu duenez.
Bestalde, INTIA sozietateko ordezkari Natalia Bellostasek adierazi du marka kolektiboetan bildutako produktuak nabarmentzen direla, besteak beste, "ekoizpen mugatuagatik, egiazkotasunagatik, urtarokotasunagatik eta kontsumitzaileek asko estimatzen dituztelako". Nafarroarentzat "gastronomia- eta elikagai-ondarea dira", gaineratu du.
Bi urteko prozesua
'Nafarroako Intxaurra' sortzeko prozesua 2022ko apirilean hasi zuten Nafarroako Gobernuak, INTIA sozietate publikoak eta intxaur ekoizleek. Markak intxaur lehorra babesten du, bai oskolarekin, baita eratorritako produktuen kasuan ere, izan intxaur zuritua, garrapinatuak, intxaurretan oinarritutako edariak, intxaur estaliak edota fruitu hori duten pastelak eta beste.
Markaren sustatzaileek azaldu dutenez, "Nafarroa osoan intxaurrondo bakartuak dauden arren, 1990eko hamarkadan laborea modu profesionalean garatzen hasi zen Iruñeko hegoaldeko eskualdeetan, zereal eta mahastiez gain, dibertsifikazio gisa". Ekoizpen-eremu geografikoak Nafarroa osoa hartzen duen arren, Lizarraldean, Erdialdean eta Goi Erriberan ekoizten da intxaur gehien. Abiatzear den kanpainan zortzi ekoizlek hartuko dute parte: Nuez de Arizala (Aritzala), Aitacayo (Artaxoa), José Antonio Chocarro (Berbintzana), Nueces Valle Arga (Faltzes), Nueces de Oteiza (Oteitza), Nueces de Navarra (Errezu), Benitoren (Sesma) eta Monte Sesma (Sesma).