argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako ingurune naturalera datorren eolikoen eta eguzki-poligonoen uholdea kritikatzen dugu

Pablo Lorente Zapateria 2021eko martxoaren 15a
Haize-errotak FustiƱanan. Argazkia: Machulin CC BY-SA 3.0

Behean sinatzen dugun erakunde sozial eta ekologistok gogor kritikatzen dugu eoliko- eta eguzki-poligonoen proiektu-oldea ingurune naturalean, Nafarroako Gobernuak informazio publikoan jarri duena.

Une honetan, eoliko- eta eguzki poligonoekin lotutako 22 proiektu daude jendaurrean, eta gehienez ere hilabete geratzen da alegazioak aurkeztu ahal izateko.

Horrela, Nafarroako Gobernuak parte-hartze publikoa murrizten eta ezabatzen duela uste dugu erakunde sinatzaileok. Legezko epean aurkeztutako proiektu anitzak aztertzea ia ezinezkoa izango da. Agian, Nafarroako Gobernuak lortu nahi du proiektu asko behar bezalako parte-hartze eta kritika sozialik gabe onartzea.

Nafarroako gizartea antolatzen hasi da eoliko- eta eguzki-parkeen proiektu handien aurrean. Gure gizartea bizi dugun planeta- eta ingurumen-krisiaz jabetu da. Berotegi-efektuko gasen isurketak murriztu behar dira, edo energia nuklearrarekiko dugun mendekotasunarekin amaitu. Helburu horiek lortzeko, ezinbestekoa da gure energia-kontsumoa nabarmen murriztea, gure eraginkortasuna hobetzea eta, lehenik eta behin, modu arduratsuagoan energia ekoiztea industrialdeetan edo teilatuetan.

Nafarroako gizarteak duela 25 urtetik onartu egin du landa-ingurunean berriztagarriak garatzea, baina uko egiten dio egungo eoliko- eta eguzki-poligonoen oldea onartzeari, honako arrazoi hauengatik:

Nafarroak kontsumitzen duena baino elektrizitate gehiago ekoizten duelako; paisaiaren gaineko eragin larriengatik; biodibertsitatearen kalte handiengatik; nekazaritza-lurrrak galtzeagatik; ondare publikoa pribatizatzeagatik; enpresa handien interesak babesteagatik eta kontsumitzaileei ez dielako mesederik egiten; bizitza hobea sustatzen ez duelako Nafarroan bizi garenontzat.

Behean sinatzen dugun erakundeak lanean jarraituko dugu gure lurraldea, ingurumena eta kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko. Proiektu pilaketa honi aurre egin eta Nafarroako Gobernuari horrela ez egiteko esango diogu. Berriztagarriak bai, baina ez horrela.

Asociación Lizarra Ciudad de Acogida, A Tomar Viento Esteribar, CGT, Nafarroako Ecologistas en Acción, Ekologistak Martxan, ESK, Sustrai Erakuntza, Haize Berriak, LAB, Lurra, Mugarik Gabe, Erreniaga Salba Dezagun, STEE-EILAS, Urbi Auzo elkartea.