argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako ingurumen gatazken mapa: zenbat daude eta non kokatzen dira?
  • Ingurumenaren aurka doazen 42 proiektu identifikatu ditu Sutrai Erakuntza Fundazioak. Besteak beste, AHTren obrak, meatzeak eta proiektu urbanistikoak bildu dituzte.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko abuztuaren 25
Sustrai Erakintza Fundazioak ingurumenarekiko gatazkatsuak diren proiektuak bildu ditu mapa batean.

Ingurumena arriskuan jarri dezaketen proiektuak identifikatu, eta haiek sortutako gatazken inguruko txostena mapa batean bildu du Sustrai Erakuntza Fundazioak. Hala, Nafarroako proiektu gatazkatsuen nondik norakoak azaldu dituzte, eta euren web orrian dago ikusgai.

Jardun ezberdinei dagozkion 42 proiekturekin osatu dute mapa. Haietatik 13 harrobi eta meategiei dagozkie, zortzi ur azpiegiturei, sei energiari –zentral termikoak, goi tentsioko lineak, biomasa–, eta bost haustura hidraulikoari. Horrez gain, hondakinen kudeaketari dagozkion hiru proiektu eta beste lau plan urbanistiko ere kaltegarritzat jo dituzte.

Sustrai fundazioaren arabera, tresna hau “gatazken egoera ezagutzeko aukera baliagarria da”, eta elkartearen ikuspegi zabalaren adierazgarri da.

Txirrinkak egindako bidea

Sustraik osatutako mapa ez da gisa honetako lehenengoa. Txirrinka elkarteak beste zenbait eginak ditu aurrez. Esaterako, elkarte horretako Nafarroako taldeak Azpiegituren aurkako erresistentziak Nafarroa (1975-2016) dossierra argitaratu berri du.

Denbora tarte horretan Nafarroan proiektaturiko azpiegituren aurkako izandako erresistentzien inguruko azalpenak ematen ditu. Antzeko beste txosten bat egin zuen Txirrinkak, Euskal Herri mailan azken hamarkadan izandako gatazkak biltzen dituena.